Eguzkiak erre egiten ditu koloreak eta zurira jotzen dute grisek, okreek, horiek, urdinek, gorriak berak, etxeek, jendeek, irrealitate mintz bat ezartzen zaio munduari, arintasun bero bat, itsasoaren urruma entzuten da urrunean, zakur zaunka unatu batzuk, autobuseko aire girotua da, Cheeverren ipuinak, Pavloven txakurra zara, galipotari lurruna dario, milaka auto datoz beroari beroa ematera etorbidean gora.
Isolatuta bizi naiz, esan zidan; etxean ez daukat telebistarik, irratirik ere ez, egunkaririk ez dut erosten normalean, eta interneten ere ez dut berriak irakurtzeko ohitura handirik. Jendeak kontatzen didanarekin eta neure eguneroko bizimoduarekin nabil, ikusten dudanarekin, sentitzen dudanarekin.
Eguzkiak erre egiten ditu koloreak eta belarrak, horitu dira kamino bazterrak, garunak urtuta dabil jendea eguzkipean, iritsi da haragiak erakusteko tenorea, mundua supermerkatu itzela da, geure burua merkatuan dagoela esateko adina bihurtu gara merkantzia, eta begiak dira erosten aurrenak.
Isolatuta bizi naiz, pentsatu nuen; telebista daukat etxean, irratia ere bai, harrapatutako egunkari guztiak irakurtzen ditut, eta interneten berriak eta berriagoak irakurtzeko ohitura daukat…
Jira
Erre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu