Ikatzaren eta altzairuaren gainean eraiki zen Europa, beltz eta zikin; hildakoen hezurren gainean, beltz eta zikin; diruaren gainean, beltz eta zikin. Eta orain zalantza nagusitu da, eta herriak erreskatatu egin behar dira; gauza hauek ez daude niretzako eginda, ez ditut sekula ulertuko. Herriak, erreskatatu? Ekonomia irakatsi beharko lukete eskoletan, txiki-txikitatik hasita.
Politikoen hitzaldi guztiak ekonomiara mugatzen dira, ez dago besterik. Eman behar nork bere poltsikoa beste pentsamendurik ez duela. Eros dezakedana baino ezin dut ulertu, uler dezakedana baino ezin dut erosi. Noiztik eta nola ez dakigula, mundua supermerkatu erraldoia da, dena dago salgai eta erosgai; eroste ahalmen altua da zoriontsu izateko batek behar duen guztia. Edo bizitzen segitzeko, bere soilean. Gibela behar duzula, giltzurrunak, edozer daukazu erostea, non eta nola jakitera. Baten bati irakurri nion behin pobreak direla munduaren erreserba espirituala. Baliteke, baina ez espirituala bakarrik: pobre osasuntsua aberats gaixoaren erreserba da jada.
Europa aberatsa da. Eta baita europarrak ere, munduko beste asko eta askorekin alderatuta. Kexu gara, ordea, haserre gara: aberatsagoak izan nahi dugu.
Jira
Erreserba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu