Jira

Eskubideak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gero ez diet segitzen, metodoa eta diziplina falta ditut, baina hasierako asmoak bizirik dirau nigan oraindik, telebistako iragarkietan eskubidea hitza aipatzen duten aldiro, arkatza hartzen dut, orri mutur bat, eta dena hitzez hitz harrapatu ezin badut, iragarkiaren mamia gordetzen saiatzen naiz. Bakarra gorde nuen ondo, Lancia etxearena zen: «Dotorezia eskubidea da». Ez al da zoragarria? Denok dugu ramegante izateko eskubidea. Denok dugu auto dotorea izateko eskubidea. Gero ez nion segitu, metodoa eta diziplina falta ditut, eta ez ditut denak zuzen-zuzen jaso, baina akordatzen naiz beste birekin. Bata Opticalia etxearena da, bi betaurreko pare izatea eskubidea dela aldarrikatu zuen. Eta bestea Ikearena (YouTuben badago). Ikeak aparteko lekua merezi du: eskubideak dira bere iragarkien ardatza. Festa egiteko eskubidea zen lehen, ondo lo egiteko eskubidea da orain.

Gaua da, kanpoan ilun dago, umea ari zaie gurasoei: egizu lo, ama, egizu lo, aita, txarra den guztia hemen barruan ez da, hemen ez dago munstrorik, ez gauza arrarorik, hemen soilik burukoak daude, eta hegoak dituzte.

Gure garaiaren erretratu ona da: denok ditugu eskubideak, erosteko adina diru izanez gero behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.