Ikuskizuna, ez didazu ukatuko, esperpentikoa da. Barne sailburuak esan du balitekeela Ertzaintzak arduragabekeriaren bat egin izana. Balitekeela. Telebista publikoak zabaldu du egia gero: Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu, Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen karga eragin izana egotzita. Eta mezua, garbia: errua gazteena, errua Iñigo Cabacasena, istiluak eragiteagatik, han egoteagatik.
Ez didazu ukatuko, esperpentoak hartu ditu bazterrak pazko astean. Hildakoak berpiztu egin direla ematen du, beste garai batzuen gomuta dakarte albisteek: PPk Zigor Kodea gogortu nahi du, «indarkeriazko espiralari» aurre egiteko; hemen barre antza egin dezakezu, ezpainaren ertza jaso, baina adi: «Erresistentzia pasiboa» autoritatearen aurkako atentatu gisa zigortu nahi du Espainiako Gobernuak. Asmakizun espainola da esperpentoa.
Baina ez da espainolen esklusiba. Munduko Moneta Funtsak pentsioak jaistea eskatu du, «jendea esperotakoa baino luzeago bizitzeko arriskuagatik». Eta erretreta hartzeko adina atzeratzea.
Egin lana, erosi gauzak, ordaindu zergak, ez kexatu. Eta joan hiltzen, egin lekua ospitaleetan, erakunde publikoen zuloa gehiago ez handitzen lagundu, erakutsi ezazue elkartasun pixka bat.
Jira
Esperpentoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu