Ur zikinak uhandituta, uhertuta, hondatuta daude argazkiak. Lokatzak jan egin ditu irudiak, eta orain, jendea falta da, desagertu egin dira, ez daude. Ez dira sekula itzuliko. Aurpegiak babesten saiatzen gara, gehiago hondatu ez daitezen saiatzen gara, esaten du boluntarioetako batek. Hilabeteak dira jada, eta usteltzen ari dira, eta beroak ez du laguntzen. Guri ikastolan egin ziguten argazkiaren antzekoa ematen du horrek. Eskola-txango bateko argazkia da hau…
Gure gelako argazkia etorri zait gogora. Eta buruz hasi naiz argazkia berregiten. Askorekin akordatzen naiz, Jota ikusten dut, Pepo ikusten dut, Eukene, Goe, Axiri, askorekin akordatzen naiz, baina beste askorekin ez; haien aurpegiak ekartzen saiatu naiz, baina ezin dut, galdu egin ditut. Beti daukat ordea argazkia begiratzea, badakit han daudena.
Lekurik okerrenetan eraikinen arrastorik ere ez dago, ari da boluntarioa esaten, argazkietan eraikinen irudiren bat geratuko balitz, sikiera. Etxeren bat balego, edo bulegoren bat, edo eskolaren bat…
Gure gelako argazkia etorri zait gogora. Gure eskola izan zena, sarrera, zuhaitzak, harri txintxarrak. Elizarena zen eraikina. Bota egin zuten, orain Ertzaintzaren kuartela dago han.
Jira
Eten puntuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu