Gaurkoa naiz. Gaur jaio naiz, ostera ere, harrituta heldu diot egunari, gorputzak bere kasa ekin dio batetik bestera joateari, komunera egin du, hozkailura gero, elikatu beharra dauka, arnasa hartu, oreka bilatu du, garuna esnatu da gero: zer da hau, non nago, zein naiz, zer egiten dut hemen? Eta atzeraka hasi da, atzo, herenegun, lehengo astean, lehengo urtean, eta atzeraka jarraitu du, lehen oroitzapenaren bila. Bila eta bila aritu da, eta ez du ezer aurkitu. Ez dauka oroitzapenik. Gaur jaio da.
Gaur jaio da. Hizkiak ikasi ditu gosaldu bitartean, eta hitzak osatzen hasi da, gatibu daukan gelari izena eman dio, etxea, eta leihotik beste aldera ikusten duenari mundua esaten zaiola ikasi du, eta poetaren hitzak errepikatuz ikasi du lezioa: mundua zabala eta arrotza da, mundua zabala eta arrotza da, mundua zabala eta arrotza da. Eta gero bere kabuz ikasteko esan diote, eta ereduari jarraiki idazti du bere esaldia: etxea estua eta arrotza da. Ezetz esan diote, etxea ez dela arrotza, egiteko berriro: etxea estua etaezaguna da. Oso ondo. Erraza da, segituan ikasten da. Eguerdirako ikasita dauka ondo geratzeko esan beharrekoa.
Arratsaldea erdi-lotan pasa du, Frantziako Tourra ikusten.
Jira
Gaurkoagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu