Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gauzak

2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Oinez noa, behera dator gaua argi, ilargia biribil ageri da, etxe sailak hartzen dizkit begiak, zeruak teilatuak ditu ertzeraino, zergatik etorri zen jendea hona, nondik, zein beharrek bota zituen hemen, zein naufragiotatik salbatu ziren, zeinek jaso zituen etxeak, zenbatean jarri zituzten salgai habiak eta kaiolak, noizkoa da auzo hau, noizkoa da mundu hau. Sarrera hartu dut, barru giro dago. Zinera noa.

Kalkuluak egiten eman dut aretora sartu artekoa. Hogei bat lagun gaude zain. Bataz besteko adina, gutxi goiti beheiti, berrogeita hamarretik gorakoa. Liburu denda ireki dute, hutsik dago, noizkoa da mundu hau, kafetegiko mahaiak txikiak dira, metalezkoak dituzte hankak, marmolezkoa da gaina, bi gizon edadetu daude ertzekoan, egunkaria daukate mahai gainean eta bi kopa txiki, aspaldikoak izateko itxura dute, pattarraren distirak haurtzarora narama.

Erosoa da butaka, noizkoa da mundu hau, dekorazioa aztertzen eman dut oihala ireki artekoa. Hasi da filma. Kamera xehetasunetan laketzen da, gauzen materialtasunak liluratuta nauka, zuzendariaren hitzak berritu ditut neure artean: «Objektuek giza jendeak baino bizitza gehiago dute. Estatikoagoak dira, baina baita elokuenteagoak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.