Jira
Hala moduzkoa
Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra irudituko zaizu mingarriena, nola kontatu egia, zalantzak hartuko zaitu, hau nola behar nuke esan, baina demagun asmatzen duzula azkenean zeure buruari traizio handirik egin gabe bide bat hartzen, badakizula zer kontatu, non jarri fokua, nola finkatu tonua, baina orduan beste xehetasun guztiak datoz, hutsalak diruditen detaileak aletu behar dituzu ezinbestean, bat ez da bizi airean eta airetik, ez da arima maitagarria, gorputza da bat, inguru batean hazten da, familian hainbeste lagun, etxeak hainbeste metro, herriak hainbeste biztanle, eta gertaera bat kontatzen hasteko, asteko eguna esan behar da lehendabizi, hilabetea, urtea, eta orduko datu esanguratsu bat edo beste eman, ez derrigor zuri komeni zaizkizunak, ez, akaso hotzagoak, zenbat balio zuen etxebizitzak, zenbat jende zegoen lanik gabe, eta baita orain garen herritar otzan gisa buruan kabituko ez litzaigukeen anekdotaren bat edo: hirugarren mailan, ikastolako andereñoak erre egiten zuen klasean. Egia da, baina nola kontatu egia, ez zara akordatzen, ezin duzu dena kontatu nahita ere, ondorengoei utziko diezuna ez da hala moduzko istorio baten zirriborroa besterik, hondarren hondarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu