Etxean egingo luketena egiten dute kanpoan ere: goserik gabe jan, desiorik gabe bizi. Ez dakite zer nahi duten, hain daude ohituta beti zer desio behar duten entzutera. Sena bera hartu diete berezkoak ez dituzten beharrekin. Errazak dira manipulatzen. Euren mesedetan ari direla esanda engainatzen dituzte, erosotasun gehiago eskainita mantentzen dituzte lotuta, askatasun gehiago dutela sinistarazita hartzen dituzte gatibu. Ez dira berehala altxatuko. Morala jan diete, morala ezarri diete. Horrexek izorratu ditu.
Azkarrak dira ordea, eta harroak, eta ez zaie gustatzen inork ezer esatea, ez dute inoren esanik behar, dena dakite, ongiaren eta gaizkiaren gainetik bizi dira, edozein gertaera digeritzeko gaitasuna dute, gero eta azkarrago gainera; ezerk ez dauka garrantzi handirik, dena joaten baita segituan, eta ez dago astirik ezeri arreta jartzeko, sakon lantzeko. Ezer ez da gailentzen. Bakoitzak albiste bati ematen dio lehentasuna, eta ematen du hartara albiste guztiek balio bera dutela; bakoitzak ikuspuntu bat hartzen du, eta ematen du hartara edozein ikuspuntu dela baleko, denak direla balio bereko, trukagarri, gauza bera.
Desiorik gabe bizi gara: ezin eta, gainera, nahi ere ez.
Jira
Harroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu