Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra irudituko zaizu mingarriena, halamoduzko istorio bat hasi beharra egunero hasieratik, mugimenduen errepika eta bizirik segitzearen epika batzen dituena bere eskasean, eta hala moduzko istorio hori nola kontatu hasiko zara pentsatzen, nola ekarri iragana lago do temporen hondotik, nola eman zentzu pixka bat puska solte hauen batuketari, nola kontatu ez bakarrik iragana baita egunean egunekoa ere, nola kontatu dena, nola kontatu egia beraz, nola kontatu egia ondorengoei.
Nahita ere, ez dago bizitakoa ondorengoei pasatzerik, eta herentzia laburra da oso, biharko egunak irabazten du beti, etortzeko dagoen horrek, egiteko dagoenak, eta agureak ikusten dituzu hemerotekan, eguerdi artean, bazkaltzera joan aurretik iragana jaten, zein albistetan pausatzen ote da haien gogoa, zeren bila ote dabiltza denboraren lakuan. Zer ote da ondorengoei sekula kontatu ez dietena. Ba ote dute sekreturik, edo horiek ere ahaztu dituzte jada?
Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra iruditzen zaizu harrigarriena, beti kontu berberak errepikatzen ibili beharra, inertziaren indarra, turista bihotzaren grina dena ikusteko dena uzteko, eta bakoitzean hasieratik hasi beharra.
Jira
Hasieratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu