Jira

Hirian

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Eskailera mekanikoek azalera atera naute, haize beroa itsatsi zait bisaian, zimur-zimur eginda dabil espaloian Espainiako hauteskundeak azaroaren 20an izango direla zekarren egunkari orria, pozik eta minik gabe egin dut aurrera, katebegia naiz, olio pixka bat behar izaten dut lantzean behin, besterik ez, ondo nabil, ez dut inongo minik, ondo dabiltza ingurukoak, gustua ematen du dena ondo doala ikusteak.

Izozki bat hartu dut, eta kalkuluak egin ditut, zenbat izozki hartu ote nitzake nire aurrezkiekin, eta pentsatu dut akaso egunero zaborretan janari bila ikusten dudan jende horrek ere egingo zituela kalkuluak, eta egingo zituela kontuak, hainbeste irabazi, hainbeste gastatu, hainbeste gorde, hainbeste urtean ordainduko dut etxea, oporretan izango dut kanpora joateko modua, ezagutu nahi ditudan hirien zerrenda gizentzen ari da adinean aurrera noan heinean.

Trafiko argietan sinesten duen jendea kalea gurutzatu zain dago, ez naiz poeta eta ez nago New Yorken, zarata ikaragarria da, Enrique Morente eta Lagartija Nicken Omega jarri dut mundua hobeto entzuteko.

Hirian egunero zenbat jende hilko ote den jarri naiz pentsatzen. Asko? Gutxi? Ez dakit. Hiltzen direnak beti dira besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.