Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Hortzaka

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zer erakusten du hiztegiak, ez bada mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, batek bai eta besteak ere bai, eskarmentuak eta etsiak egindako lanaren emaitza, jakinduria, hondarrak, konformidadea, ebidentzia, mundua bere horretan onartu beharra, eta bere honetan, gehiengoaren nagusigoa, elizaren indarra, errepresioaren bortitza, behartsuaren ezina eta handi jendearen larderia, boterearen ordena eta ordenaren boterea, pentsamolde eternoa.

Zer erakusten du hiztegiak, ez badira mendez mende finkatzen joan diren biziraupenerako ikasgaiak?

Ama: lana da bertute guztien ama.

Apaltasun: porrotak apaltasunez onartu behar dira.

Porrota: igande honetako porrota ez genuen merezi.

Zer erakusten du hiztegiak, zer dakarte egunkariek egunero, ez bada bizimolde bat, amore eman eta zahartzeko eredu bat, ez bada oraindik ere nork bere buruari eman beharreko formaren adibidea?

Zer erakusten du hiztegiak, eta zer ez? Gurasoak ez dira kabitzen hiztegian, herria ez da kabitzen hiztegian; ez dut aurkitu txikitako lehen ikasgaia, biziraupenerako ezinbestekoa, autodefentsaren oinarria, bizitzarako arma: hortzaka egitea.

Hortzaka: handi jendeak ez dio elkarri hortzakarik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.