Hamar urte neuzkanean ez nekien gero bizitza hainbeste bihurritzen zenik, agintariek hitzen esanahia bera ere bezatu egiten zutenik, hain lotsagabe aritzen zirenik jendeen kontra, klase borroka hain krudela zenik, hainbeste jende uzten zuenik aitzinamenduak bazterrean, ez nekien askatasuna hainbeste murrizten zenik, zeure hitzen menpeko bihurtzen zinenik, bere erabakien atzetik arrastaka ibiltzera derrigortuta egoten zenik bat, eta ez nekien, batez ere ez nekien zein gutxi ikasten duen batek adinarekin, zenbat bider trabatzen den bihotz berean, ahots berean, irribarre berean, zein gutxi dakien batek bere buruaz eta munduaz, nik kontrakoa uste nuen, adinarekin ikasi egingo nuela, jakin egingo nuela, zahartu egin nahi nuen, heldu, orduan ere bortitza irizten nion munduari aurre egiten jakin nahi nuen egunen batean, lasai, beldurrik gabe, gauzek nola funtzionatzen duten badakienaren soseguz.
Hamar urte neuzkanean lotsatia nintzen, ihesi ibiltzen nintzen, norengandik edo zerengandik oso ondo jakin gabe ere, atzeko aldeko kaleak bilatzen nituen, jenderik gabeko lekuak, parke hutsak; akaso horixe ikasi dut urte hauetan guztietan: jendeak sekula ez dio uzten ihes egiteari.
Ihesean bizi da.
Jira
Ihesean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu