Jira

Infernu gozoa

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ahotsik gabeko telebistak festaren irudiak eskaintzen ditu, jende mordoa dago plaza batean sartuta, zuriz eta gorriz jantzita, gero baten batek su ematen dio ziriari, ziztu egiten du, hegan egiten du, lehertu egiten da, saltoka eta oihuka hasten da jendea, kantuan, edanean: bizirik daudela ari dira ospatzen. Egun batzuez bederen, munduak ez die beldurrik emango, eta besteak ez dira infernua izango, edo izatekotan, infernu gozoa, azala, sabela, okela. Besteengan aurkituko dute euren burua. Euren baitako aingeruak aterako dituzte, euren baitako deabruak aterako zaizkie. Festak dira, dena da libre, urtea luzea da.

Urtea luzea da, baina aidean joaten da. Gelditzen zara une batez, hartzen duzu arnasa, hartzen duzu astia, hasten zara atzera begira, eta oso gauza gutxi gordetzen duzu garbi: atzeko balkoian erre zenituen bi zigarroak, amari medikuaren kontsultara lagundu zenionekoa, iloba ikastolatik bakarrik itzultzen ikusi zenuen eguna, eta bestepare bat irudi. Zenbat iraungo dute?

Ahotsik gabeko telebistak festaren irudiak eskaintzen ditu. Bizirik daudela ari dira ospatzen. Ez, ez bizirik daudela: bizi egin nahi dutela. Zeruak eta infernuak bizi. Eta zuk, zer daukazu ospatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.