Isolatuta bizi naiz, pentsatu nuen: medioetan ikusten dudan mundu hori ez da nirea, hor agertzen diren agure guztien hanka sartzeak ordaintzeko dirua jartzea tokatuko zaidan arren; bete-betean harrapatzen naute hartzen dituzten erabakiek, bultzatzen dituzten politikek, nola esango dut ba sistema kapitalistak ez didala eragiten, eta hala ere, edo horrexegatik, geroz eta urrunago sentitzen naiz mundu horretatik, mundu bat dago jendilaje horren egunerokotik nire egunerokora, gure tangenteak ez diragurutzatzen, beste neurri batekoak dira nire kezkak.
Geroz eta urrunago sentitzen naiz mundu horretatik eta, amorratuta, telebista itzaltzen dudanean, neu agertzen naiz pantailan, ispilua da, baita piztuta dagoenean ere: beste ezer egiteko gogorik gabe sofan etzaten den sugelindera gizena naiz, makinaren berotasunarena hurbildua, argi bila. Ez ditut ulertzen albisteak: poesia irakurriko dute bakearen alde. Banoa jateko bilakalera.
Eguzkiak erre egiten ditu koloreak, eta irrealitate mintz bat ezarri zaio munduari. Beroa dago porlana, harexen gainean etzan naiz. Goseak nago, begira nago. Telebistan azaltzen diren gizakietatik oso bestelakoak dabiltza hemen. Ez dute jateko gogorik ematen.
Jira
Irrealitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu