Bustilehorrean dabil jendea hemen ere, munduaren kontra bizi gara, alerta egoera etengabea gailendu da hurkoarekiko, erne gaude beti, ernegatuta bizi gara, norbera nahikoa ez eta, orain denak dituzu etsai, edozein lekutatik datorke arriskua. Aspaldi esan zuen gure koadrilako Arantxak: orain tontoenak parte sartzen dizu.
Gabon gauean gertatu zitzaidan arrebarenean. Autoan eraman genituen gurasoak, eta barruan hobeto egongo zelakoan, arrebaren garaje parean utzi genuen, ondo aparkatuta, inori trabarik ez egiteko moduan, afalorduan mugimendu handirik ez zela ibiliko pentsatuta.
Papertxo bat zeukan itzuli ginenean: «Garaje bat nahi baduzu, EROSI!, hemen ezin da aparkatu». Arrazoia zeukan, han ezin nuen aparkatu, baina amorrua eman zidan. Ez zuen esaten ezin izan zuela pasa, traba egin ziola autoak, ez zioen halakorik; dirurik bota gabe autoa aterpean uzteko aukera ukatzen zidan. Bustilehorrean nahi ninduen.
Arrebari esan nion. Udaltzain batek esandakoa aipatu zidan: jartzen ditugun multen hamarretik bederatzi jendeak esan digulako izan ohi da, deitu egiten dute, auto bat gaizki aparkatuta dago halako kaletan. Parte hartzea parte sartzearekin nahastu dugu, jendartea jendarmearekin.
Jira
Jendarmea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu