Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Jendea jan

2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hortzak konponduko ditut, eta beste bat izango naiz, zuria, irribera, betortzak beti zorrotz. Haize alde ibiliko naiz beti, eta jendea jango dut. Hala esaten diote Mexikon gaizki esaka aritzeari, jendea jatea. Eta ganaduari jartzen zaion zigilua bezalakoxea izaten da haragi gurian hortzaka eder batek utzitako marka. Nireak erakutsiko dizkizut, badauzkat batzuk-batzuk. Eta hortzaka egiten ere ez naiz txarra izan, baina orain, hortzak konponduta, jendea jan eta irribarre zuria erakutsi ahal izango dut, eta ez oiak odoletan.

Ez sinistekoa da zein erraz sartzen dituzten politikoek lagunak eta senideak erakunde publikoen mendeko enpresa, fundazio eta osterantzeko xaietan, zein lotsa eta disimulu gutxirekin, zein lasai, dena legearen arabera egiten ari diren segurantziaz eta sekula zigorrik jasoko ez dutela jakitun. Diruak banatzen dituzte eta zorrak utzi. Hauteskundeak antolatu, ospa egin eta bulegoren batean ezkutatu. Eta ikuskizunari begira gauzkate ezer egin ezinean.

Irautea da gure lana, esaten dugu, eta politikoen txandrio guztietatik aparte ibiltzea bilatzen dugu, baina muturra sartu beharraz mintzatzen gara gero, guri ere tokatzen zaigula partea. Jendea jaten dugu, irribarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.