Japoniako lurrak azpian hartu zituen tsunamiak ez zituen etxeak eta herriak bakarrik hondatu, ez zituen gizonak eta emakumeak bakarrik ito, iragana ere erabat deuseztatu zuen. Geure bizitzaren kontakizunak erreferentziak behar ditu, gurasoak, familia, jaioterria, lagunak, heldulekuak behar ditu, aurpegiak, lekuak, sustraiak. Argazkiak behar ditu. Hildakoak eta aspaldi ikusi gabekoak gordetzen ditugu argazkietan, beti berdin, beti geldi, eta haiei begira ekartzen ditugu gogora, berpiztu egiten ditugu, gurekin daude.
Ashigara herrian dauka faktoria argazki-papera egiten duen Fujifilm enpresak. Martxoko tsunamiaren ostean, hara hasi ziren iristen bazterretan azaltzen joan ziren albumak. Ur zikinak uhandituta, uhertuta, hondatuta zeuden argazkiak. Faktoriako 60 enplegatuak, hainbat enplegatu ohi eta euren familia osoak jarri ziren, boluntario, argazkiak garbitu, berreskuratu eta gordetzera, hilabetetako lanean, egunero-egunero.
Hikaru Todak egindako bideoa, The Guardian egunkariak jarri zuen bere web orrian, abuztuaren 31n. Bideoa hasi eta berehala, boluntario bat azaltzen da, argazki baten atzeko aldean idatzita dagoena irakurtzen. Buelta ematen dio, eta aurrealdea erabat joana da.
Jira
Joana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu