Forma ematen asmatzea da beti kontua. Nola elkartu jendea? Errenterian Kabia izeneko gune bat antolatu dute, aste honetan ziren ixtekoak. Utzita zegoen eremu bat hartu, txukundu, aparkalekuan karpa jarri, eta hara gonbidatu dute zerbait antolatzeko gogoa zeukan jendea. Sinplea ematen du, baina ez da maiz ikusten: guk lekua jarriko dizugu, behar duzun materiala jarriko dizugu eskura, eta zuk antolatu herrian faltan botatzen duzuna, zeuk ekarri ikusi nahiko zenukeen dokumentala, edo entzun nahiko zenukeen hizlaria, zeuk antolatu muralak egiteko tailerra, edo irakurle taldea, zeuk ekarri entzun nahiko zenukeen musika taldea. Dinamika berri baten sorrera izan liteke, dinamika berri baten sorrera da. Akaso mila zatitan eteten den hariari korapilo txikiak egin eta denborari berari beste gorputz bat ematekoa, esperientziaz betetzekoa, eta harremanez. Goitik beherako antolakuntzaren aldean bestelako eredu horizontalago bat bultzatzekoa. Utzi jendeari nahi duena antolatzen, eman tresnak, eman lekua, sendotu herritarren arteko harremanak, ez saihestu gatazka eta eztabaida, eman denbora jendeari, utzi gauzak egiten.
Kabia ez da etxea bakarrik. Jendea ere bada kabia. Txoriek egiten dute kabia.
Jira
Kabia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu