Martuteten egon zen preso, Joseba Sarrionandiaren Han izanik hona naiz eraman nion bisitan joan nintzaion aldi bakarrean. Pui eta biok ginen, ondo akordatzen naiz. Ez nuen ia hitzik egin bera kristalaren beste aldean ikusita. Handik urte askotara, goizak aterpe berean harrapatu gintuen, esan egin nion: zer sentitzen huen hik intsumiso egitea aukeratu, kartzela zigorra jaso eta lagunek soldadutza edo ordezko zerbitzu soziala aukeratzen zutela ikustean? Nik erabakia ez nian inori berean eragiteko hartu, nork bereak hartzen dizkik, ezin duk epaitu. Ez huen amorrurik hartzen? Alderantziz, gero eta jende gehiago ikusten nian soldadutzaren kontra, ejertzitoen kontra, gure borrokak balio zuen seinale. Xabier Etxeberria du izena, Euskal Herrian intsumiso egin ziren milaka lagunetako bat da. Ez da historia liburuetan agertuko, baina mundua aldatzen lagundu zuen. Mikel Platero udaletxeko balkoitik zintzilik egon zen egun oso batez, udalaren jarrera kolaborazionista salatzeko. Pui eta biok azkenetakoak izango ginen, seguru asko, zigorrarekin batera eskatzen zuen epaileak indultua.
Irakurria izango dute honezkero: borrokan baino, soldadu estatubatuar gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda.
Jira
Kakitzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu