Autoak, haserre, gelditu egin dira. 17 segundo dituzu errepidea zeharkatzeko. Ertza bilatu duzu, handik azkarrago iritsiko zarelakoan. Motorren beroa datorkizu hanketara. Ez zaitez gehiegi hurbildu. Ez bilatu gidarien begiak. Beste aldean, ilea urdinduta daukan emakume bat espaloiaren ertzera iritsi da makal-makal. Galipotezko itsasoa dauka begien aurrean, eta arriskua neurtzen dion faroa: 7 segundo geratzen zaizkio. Ez abiatzea erabaki du. Ondo askorik jakingo du zenbat behar dituen itsaso zikina zeharkatzeko.
Plastikozko zorroa lurrean uztea egin du lehen lana, ez du ordea alboan utzi, hanka artean eutsi dio. Eskuak ipurgainera eraman ditu gero, soina tenkatu eta gerriko mina arintzeko bezala. Krakatekoa entzutea iruditu zait, aurrez aurre daukat. Ez naiz ausartu begietara begiratzen, beste batzuk oroitzeko beldurrez.
Burua makurtu dudanean, ezagutu egin dut plastikozko zorroa, kale kantoiko fruta dendakoa da. Jende asko ibiltzen da goizetan, zaharrak batik bat, merkea da besteen aldean, egunean bertan jatekotan erosi behar duzu fruta. Behin sartu nintzen, atzeraka eman zidan, nabarmena zen ustel usaina.
Autoak, haserre, abian dira. Gero, 17 segundo izango ditu emakumeak.
Jira
Kale kantoian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu