Zortzi ordu lo, eta nik lo egiten nuen, zintzo, zortzi ordu, gutxienez zortzi, gehienez zortzi, hartara nekea han utziko nuelakoan, izara arte leun eta epel hartan, zortzi orduz lo, ametsetan, zeure buruaren gaitasunarekin harrituta, harrituta errepresioaren bortitzarekin, egizu lo, txorta aldirik onenak ametsetan izan ditut, lagunak benetakoak izan dira ametsetan, zoriontasunak halako zerbait behar du, esnatu eta ametsetara itzultzen saiatua naiz behin eta birritan, egizu lo, zortzi ordu lo, zortzi ordu lan, eta nik lan egiten nuen, basoak garbitzen nituen, irribarre egiten nion jendeari, hitza eman, belarria jarri, denbora eman, inork egin ahal dizun onena da, denbora eskaini, zurekin egon, horixe zen nire lana, alkohola atera, zortzi ordu lan, musika jarri, jendea mozkortuta dantzan eta ehizan ikustea bezalakorik ez dago giza izaeraz konturatzen hasteko, kariñoz egin kafea edozeini, horixe zen nire lana, zortzi ordu lan, hortik aurrerakoak estrak, zortzi ordu aisia, eta gu taberna itxita barruan geratzen ginen, denbora erretzen zigarro bustietan, asko inporta zitzaigun guri maiatzaren lehena izatea, eskubideak, langileak.
Langileek putetxeak betetzen dituzte maiatzaren lehenean.
Jira
Kariñoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu