Galdera egin die idazleei egunkari batek: zein liburutan biziko zinateke? Eta nork bere mundua aukeratzera jo du liburutegira, iraganera, mundua gozoagoa zen garaira, eta bakoitzak berea aukeratu du, ez du axola zein, edo bai, Henry Jamesen Koxka bat estuago aukeratu du batek, zuk zein aukeratuko zenuke, zein liburutan biziko zinateke?
Feria egunak dira Madrilen, saldu egin behar dira liburuak, saldu egin behar dira egunkariak, eta halako idazlek bizitzeko zein liburu aukeratu duen jakiteko irrika sortzea da helburua, jendea erakartzea; baina badago iruntzietara hartzea ere: hemen ezin denez, bizitza izugarri zaila dagoenez, etorkizunak itxaropen printzarik ez dakarrenez, nora egingo zenuke ihes, ahal izatera, zein liburutan biziko zinateke?
Gozakaitza dago errealitatea, fikzioan eskatuko dugu aterpe.
Baina fikzioak ez du aterpe ematen, ez du atseden ematen, zutaz ari da, zuri ari zaizu. Haneke zine zuzendariak bere Funny Games filma berriz egin zuenean AEBetan, eszena bakarra zentsuratu zioten: azkena. Denbora pasa eta dibertsio hutsez familia bat bahituta eduki, torturatu eta hil duten bi gazteetako batek ikusleari zuzenean begi-keinua botatzen diona.
Zein mundutan bizi zara?
Jira
Keinua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu