Jira

Ohitura

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Dena emanda ari da gizona kale kantoian, eztarria urratu beharrean, farolaren argitan, euripean ere jarraitu egiten du, ukabil hutsaren barruan gordetzen du piztuta zigarroa, kea darie bere hitzei, lurrun kolpeak ikusten dira, baina urrundu ahala, bere hitzen oihartzuna autoen burrunbak jan du, eta haren imintzio mutuak ikusita, gehiago ematen du zoro bat, mozkor bat, bere bizitza alferrik galdu duen gizajo bat, hala esaten diote gurasoek haurrei, humanismoaren eskolarik zuzenenaren ildotik, hori zoro bat da, hori mozkor bat da, alfer bat, gizajo bat, eta haurrak derrepente ulertzen du. Hobe da beti lehiarako prest den galtzailea, lehiari uko egiten dio garaitua baino. Lege horri, fede horri helduta haziko dute, hezi, hesi, otzandu.

Lehenago ohitzen da bat bizitzera, pentsatzera baino. Eta behin ohitura hartuta, jarraitu egiten du, bada beti kontsolagarriren bat, ilusio txiki bat, eginbehar inportante bat, pozaren promesa lauso bat; bizitzea sekula ez da erraza, baina bada beti heldulekuren bat, heldulekuak banan-banan jausten diren arte.

Orduan, azken aldiz, bere buruaz beste egiten du batek, eta agerian uzten du bizitzeko ohitura horren izaera barregarria, arrazoi sakonik eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.