Kantu baten kulunka gozoan lo kuluxka egiteko bidean nintzen, joanaren jarioari erabat utzia, mundua azalean nola pausatzen zitzaidan sentitzen, eguzkitan etzanda, oroitzapen lausoen ganduan bildua, izate lurrundu baten arintasunarekin. Begi itxien barruko pantailan zeru gorri bat ikusten nuen. Haurren oihu eta zalapartak itsasoaren marmarra ekarri zidan gogora, lokartzen ari nintzen. Begiak ireki eta non esnatuko ote nintzen galdetu nion neure buruari, zer gertatuko ote zen bitartean, zertan aldatuko zen, azkar eta betirako, mundua.
Esnatu nintzenean, ez nion antze- man.
Igandea zen oraindik, jendeak ez zeukan etxerako presarik, mihia luzatuta gin-tonikaren azken tantak miazkatzen harrapatu nuen gizon bat, gainezka zeuden terrazak, umeak usoak harrapatu nahian zebiltzan, itzaletan zeuden agureak begiak luze. Etxerako bidea oinez egitea erabaki genuen, lasai, eta bidean orekaz mintzatu ginen, miraria da, esan nion nik, miraria da: ernegatuta bizi gara astean zehar, gure munduak hartuko duen norabideaz kezkatan, baina iristen da asteburua, egiten dugu maitasuna lasai eta gozo, eta munduak oreka berreskuratzen du, ez dago astelehenera arte itxaron ezin duen kontu hil ala bizikorik.
Jira
Orekaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu