Terrazan eserita geundela atera zen gaia, bihotzarentzako tonikoak eskuz esku zebiltzala. Zer egin, esate baterako, autopistekin eta autobideekin, nola kobratu, zergak igo ala ibilgailu bakoitzari eskatu bere partea; ez zela justua batek, erabiltzen duenak ordaindu behar duela, ezetz besteak, nahiago zuela zergak orobat igo eta gero errepidea erabiltzeagatik pagatu beharrik ez izatea. Nazkatuta dagoela erretzailea delako jasan behar duen erretolikaz: garestia dela gizartearentzat, gastua baino ez diola eragiten osasun publikoari. Eta pakete bakoitzeko zergatan joaten zaidana, gizarteari ematen diodana? Nik ez al dut ordaintzen zuen umeen osasuna? Bada gustura egiten dut, bizitza ez da nire tabako paketean bukatzen, baina eta zuentzat, bada ezer zeuen familietatik landa?
Gizarte eredua izango da gakoa urrian, eta gero ere.
Oñeder atera nuen lehentxeago, bazkalostean; ezkutu samarrean ari dela geratzen kontua, baina larria ematen duela: metal astunen kopuruak izugarri altuak direla oraingo neurketen arabera, Jaurlaritzak bost eguneko epea eman diola enpresari isuriak saihesteko neurriak hartzeko. Jota utzi ninduen Jotak: badakik zer esaten duen nire anaiak?
Bonba bat dago hor azpian.
Jira
Osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu