Dena gezurra zen. Paperak azaldu ziren ordea, dokumentuak, frogak. Agintariek esan zuten, hedabideek esan zuten, jendeak seietan jaikitzen jarraitu zuen, metroa hartzen lanera joateko, lokamutsa eginez geltokitik geltokira, larri ibiltzen hilaren amaieran, edo ez, bere gerra propioetan galtzen tenplea, adorea eta bizia, telebistarekin entretenitzen ohera joan aurretik, eta han, agintariek esan zuten arriskua zela Irak, suntsipen handiko armak zeuzkala, esku hartu beharra zegoela, jende zintzoak gozo egin zezan lo mundu osoan.
Dena gezurra zen. Paperak azaldu ziren ordea. 2001eko gabon zaharretan lapurrak sartu ziren Nigerrek Erroman daukan Enbaxadara. Munduko herrialderik pobreenetakoa da Niger, eraikin xume bateko bosgarren pisuan dauka enbaxada, Via Baiamontin, erdigunetik aparte samar, eta balkoiko barandatik zintzilik daukaten banderagatik baino ez da antzematen han enbaxada dagoenik. Lapurrek dena hankaz gora utzi zuten, baina ez zuten eraman ezer asko: Bulgari markako lurrin pote bat, eskumuturreko erloju bat eta gutunetarako paper sorta bat. Ez zioten garrantzirik eman, poliziak ez zuen argazkirik egin.
Paperak Olentzerori ematera noa orain, jarraituko dugu hurrengo astean.
Jira
Paperak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu