Stephane Hesselen liburuak zeuden tontorka mahai gainean. Beste pare bat lagun zebiltzan bueltaka, denbora pasa bezala. Goizean jartzen dut mahaia, eta arratsaldean kendu. Egunero, bai. Ez da asko saltzen baina, ikus dezala jendeak liburuak hor daudela oraindik, hartu eta irakurri daitezkeela. Terry Eagletonena ikusi nuen: Terrore sakratua. Bost euro. Badaukak irakurgaia autobuserako, arkatza ere ekarri duk, gauza asko izango duk azpimarratzeko.
Neure aulkira itzuli nintzen, bukatua zen atsedenaldia. Raxoi zegoen alboko gelan; «Espainiaren norabide berrirako oinarriak» dauka izena ikastaroak, eta batere berriak ez diren jendeak eta jarrerak ikusten dira korridoreetan. Terrorea sortzen du. Gazteek batik bat. Afaneko dabiltza, txisteak egiten dituzte tabernan: nik Martini gorria, beti izan naiz ezkertiarra. Alkandora argiak daramatzate, nautikoak, gorbatak, traje ilunak.
Liburuari ekin nion bueltakoan. «Dibertsitateak, etengabeko aldaketak, pluralismoak eragiten dio aurrera kapitalismoari. Ezin du inork deskantsurik hartu, une batez ere, etengabeko zantzoaren erdian. Sozialista izateko arrazoi heldu eta sendorik bada, lo pixka bat egin ahal izatea da hori.»
Lo hartu nuen, nekeak jota.
Jira
Terrorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu