Etika, grekozko ethos-etik datorren hitza da, eta ohitura esan nahi du. Morala, latineko mos-etik dator, eta esanahi bera dauka. Finean, gizartearen elkarbizitza (edo elkarbizitza eza) zimendatzen duten isilpeko premisen multzoa baino ez da morala edo etika.
Holaxe hasten zen Andoni Olariagaren artikulua. Martin Larralde etorri zitzaidan gogora, dena ohitura, dena errua, dena barkamena. Eta maitasuna ere ohitura ez ote den pentsatu nuen gero, dena errua, dena barkamena. Eta gizartea oihan zeharkaezin zaratatsua, isilpeko premisen multzoa isilpean gordetzeko tratua duena bere sustrai sendo bezain usteletan.
Ez didazu ukatuko: ikuskizuna esperpentikoa da. Poliziak pilotaz zauritu du gazte bat ostegun santuz, koman dago, hil egin da pazko astelehenez. Telebistak turisten berri eman du, eguraldiaz ari da, gehiengoaren ezaxola gizentzea lan gaitza da, oporretatik bueltan dator jendea burua bere gauzetan duela, loteria tokatzearekin egiten du amets, nork bere ihesbidea eta paradisua du gogoan, nork bere amesgaiztoa eta infernua.
Barne sailburua agertu da serio kameren aurrera: ikertzen ari gara. Laster datoz kirolak. Athletic ondo dabil aurten Europan. Gero, hortzak garbitu eta ohera.
Jira
Zimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu