Franco hil zen urtean jaio nintzen. Lagunak irudikatzen ditut, seme-alabei Franco zein izan zen esplikatzeko atakan, zer esango diete, nola definituko dute, zein izango dira ahora etorriko zaizkien hitzak, zer kontatuko dute, eta hori Francorekin, primerako pagaburua bihurtu da denborarekin, edozer bota eta dena hartzen du, ez zen inor egon harekin, bakar-bakarrik hasi zuen gerra, bakar-bakarrik eutsi zion botereari ia berrogei urtez, horra tirano baten azpian egotearen abantailak, haren kontra sortu zen ETA, esango diete seme-alabei, Euskal Herria erabat ukatua zen, euskara debekatua, ez dakit zer esango dieten seme-alabei, zer esango diete ETAk armak utzi zituen egunaz, zer esango diete, zer kontatuko dute, zer kontatuko dute euren gaztetako herriaz, bizimoduaz, zertaz akordatuko dira?
Lagunak irudikatzen ditut, astelehena da eta lanera doaz, finak dira, onak izango dira lanean, atzoko emaitzak hartuko dituzte mintzagai, harrituta egongo dira batzuk, espero zutela esango dute beste batzuk, kafe ordua hala joango da, hala joango da laneguna, etxera itzuliko dira, albisteak entzungo dituzte gauean. Izuaren sastada amiñi bat barrurago sentituko dute. Zoriontsu izaten saiatuko dira.
Jira
Zoriontsu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu