Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Zuzenbidea

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Eginbeharrak daude beti, jatekoa egin, etxea txukundu, arropak garbitu. Eta bizitzeko behar duzun azpiegitura mantentzea izaten bukatzen du bizitzak. Esan liteke ba munduak badaukala gizaki bakoitza ondo samar bizi ahal izateko adina aberastasun, gizakiak badakiela honezkero hainbeste, baina ez, bizitzaren antolakuntza materialak hartzen ditu gure ordurik gehienak, Harri Aroan bezalaxe. Batek eguna eman dezake eginbeharrak zerrendatu, denak bete eta berriak pentsatzen. Ez sinistekoa da gauza batzuetan teknikak noraino ekarri gaituen eta beste batzuetan zein primitiboak segitzen dugun izaten. Gizonak eta emakumeak lan gogorraren uztarritik askatzeko balia genezakeen kapitala, esate baterako, kapital gehiago sortzeko erabiltzen da. Eta buruz buruko borrokara bultzatzen du jendea: eraitsi albokoa, hautsi hankak, ebaki hegoak, ez dezala ihes egin, ez dadila ausartu libre izatera.

Gregarismoak hartu ditu bazterrak. Ezin inork diferente pentsatu, ezin inork ezer zalantzan jarri, ezin bizi bere kasa. Gutxien uste duzunak ere bide zuzena erakutsi nahi dizu. Bada lege, aholku, mehatxu berriren bat beti. Tribuak behar zaitu, estatuak behar zaitu, munduak behar zaitu.

Ez zaitu inork behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.