Joan-etorriko paperak

Ramon Agirre

Honako hauek nire burutazioak dira, Madrilen 'La Casa de Papel' telesailean (LCDP) ari naizen bitartean koaderno txikian, gidoiaren atzealdean edo tabernako serbiletan jasotakoak.

Ramon Agirreren kontakizuna

57

Scripta zuzendariaren ondoan egoten den idazkari modukoa da. Scriptaren eginkizuna grabaketaren jarraikortasuna zaintzea dela esan daiteke: take edo puskak lotzerakoan kontraesanik egon ez dadin arduratzen dena. Ez dut oroitzen lan horretan ari zen gizonezkorik. Hemen hiru neska ezagutu ditut. Anna da horietako bat. «Benjamínekin maiteminduta nago», esan dit. Hortik «Maite zaitut, Ramon» esateraino tarte handia dago, badakit, baina sentitu dudanak bazuen antza. Irribarre herabe batekin erantzun diot. Gero, «Meatzari asturiarraren aurpegia duzu», erantsi du. Hori ere ez dut gaizki hartu, baina aukeran nahiago nukeen beste baterako utzi izan balu.

56

Askotan entzuten dugu munduko aktorerik onenak amerikanoak (USAkoak) direla. Lehengo eta oraingo izenak aipatzen dira uste horren indartzeko: Marlon Brando, Meryl Streep, Natalie Portman, Joaquin Phoenix… Horrelakoetan, Mikel Garmendia zena etortzen zait akordura niri. Andu Lertxundik arrantzale giroko istorio bat asmatu eta zinemara eraman zuen. Filmak Kareletik du titulua, eta bertan Balantxas izeneko pertsonaia azaltzen zen, urteetan itsasoan ibilitako alproja ardozale maitagarria. Orduan ez zegoen eta orain ere ez dago munduan Balantxasena Mikelek baino hobeki egingo zukeen aktorerik.

55

Garai batean, Madrileko Bilbao glorietan zegoen kiosko batean erosten nuen Egin. Saltzaileak egunkaria ondo tolestuta ateratzen zuen kioskoaren barrualdetik. Ekintza arriskutsua egiten ari zen (ginen) seinale.

54

Hemen, batzuek Ramon esaten didate. Beste batzuek, Benjamín. Izen polita da. Benjamín esaten zaio Espainian familia bateko seme gazteen eta askotan kuttunenari. Etxeko txikia. Ni, ordea, zaharrena naiz hemen. Ondo zaintzen naute.

53

Entrebista egin didate telefonoz. Ohiko galderetan ohikoena: «Antzerkia, zinema, telebista, zein duzu gustukoen?». Isabelle Hupperti entzun nion lan berbera zela ikusle mordo baten aurrean edo kamerari bakar batentzat jokatzea. Amour filmean ez genuen sekuentziarik egin elkarrekin. Eta Cannesen filma aurkeztu genuenean, ez nuen harekin nahi bezain luze solastatzeko aukerarik izan, baina afalostean beregana hurbildu eta, neure burua aurkeztuz, filmeko atezaina nintzela gogorarazi nionean, «Je sais! Vous êtes formidable!», esan zidan. Nik ere maite zaitut, Isabelle.

 

 

 

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna