BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendi lasterketak

Korrikalarien festa Baigorrin

Euskal Raid lasterketa sorta jokatu da asteburuan. Bost lasterketa, 2.866 korrikalari eta 370 boluntario.
Irabazleetako batzuk, podiumean.
Irabazleetako batzuk, podiumean. / Euskal Raid

2016-05-11 / Unai Ugartemendia

Aurtengorako, bi lasterketa gehiago gehitu dizkiote aurreko urtekoei: Iluna Trail (gauez, 27 kilometro, bikoteka) eta Neska Trail (emakumeak, zortzi kilometro, bikoteka). Eguraldia lagun izan zuten asteburu osoan korrikalariek. Denetan lasterketa luzeena 130 kilometroko ultratraila zen. Gauean hotz eta egunean zehar bero izan zuten. Helmugan batera sartu ziren Sergio Luis Tejero espainiarra eta Yannick Gourdon frantziarra (17.26.48). Lehen emakumea Jocelyne Pauly izan zen (20.42.39), sailkapen nagusian hamabosgarren. Bikotekako formatuan, Unai Amezaga eta Txomin Isuntza bigarren izan ziren (20.57.48).

Euskal Trail lasterketan (bi egun, 40 kilometro bakoitzean, bikoteka) irabazleak Martxel Bereau eta Xabier Plazaola euskal herritarrak izan ziren; Trail Gourmand lasterketan (bi egun, 25 kilometro bakoitzean, bikoteka), berriz, Evan Hervy eta Bruno da Ros frantziarrak.

Antolatzaileak pozik zeuden amaieran. Ez zuten inolako ezbehar larririk izan asteburu guztian zehar: "Dena oso ongi joan da. Aurten hiru lasterketa gehiago genituen [umeen lasterketa bat ere antolatu zuten] eta erronka handia zen guretzat. Boluntarioen lana goraipatu nahiko nuke lehenik. Ikaragarrizko lana egin dute", Christian Ozafrain lasterketako zuzendariaren esanetan. Hurrengo urteetan izango al dira berrikuntza gehiago? "Badakigu jendea oso gustora etortzen dela, baina aurtengoari eutsi nahi diogu eta zerbitzu berdina ematen jarraitu".

Informazio gehiagorako: http://www.euskalraid.fr

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather