BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Leitzaran: "Jannu" bidea, 85 metro, 6a

Gipuzkoan konglomeratuan eskalatzerik badago? Hemen duzu horren adibide bat.
Bidearen oinean eta lehen luzearen nondik norakoak
Bidearen oinean eta lehen luzearen nondik norakoak /

"Jannu" bidea Leitzaranen bihotzean kokatua dago. Hemen izanda, hezetasun maila handia da eta, nahiz eta urtean zehar garbiketa lan ezberdinak egin, sasi sastraka eta txilarra ugaltzeko primerako baldintzak ditu. Hau dela eta, Iker Iriondok esan zidan moduan, negu amaiera eta udaberri hasiera dira bertan eskalatzeko urtarorik egokienak, urtean zehar hazten diren txilar eta sasien kopurua murrizten delako. Bidea motza da eta harkaitz konglomeratuan eskalatzeko aukera ematen du, ezohiko harkaitza Gipuzkoan. Bideak segituan erakarriko gaitu: harkaitz mota ezberdina eta luze motz baina gogorrak, zailtasun ertainaren mugan.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 85 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Iker Iriondo.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 5c (15 m), 2ºL: 5b (25 m), 3ºL: 4c (25 m), 4ªL: 6a (20 m).
Orientazioa: Iparra.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera:25 minutu. Oinez edo hirugarren bilgunetik behera errapelatuz jaitsi daiteke. Bigarren aukera hartuz gero, kontutan izan behar da egin beharreko errapela 30 metroetakoa dela.
Eramandako materiala: 30 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 8 express zinta eta zinta
luze parea bilguneetarako (azkeneko bilgunea osorik muntatu beharra dago).
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, 15 metro, 5c. Azpitik bertikala iruditu arren luzeak denbora osoan atzeraka egiten duen horietakoa da, bigarren paraboltetik gora batez ere. Esku eta oinentzat helduleku ederrak ditu eta denbora osoan indarra eginez igo beharko dugu. Lehenengo metro gogorren ondoren, bilgunera iritsi aurretik atseden hartu daitekeen erlaitz bat dago. Erlaitz honetatik gora hormak berriro ere atzeraka egin (errazago) eta bi parabolt dituen bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea, 25 metro, 5b. Bilgunetik 5-6 metro bloke handi batzuetatik jarraitu eta horma bertikalaren oinera iritsiko gara. Hormak helduleku ederrak ditu eta asko estutu gabe igotzen da sabai baten azpira iritsi arte. Sabai honetan dago luzearen zailtasuna. Pausua motza baina gogorra da, gure ustez 5c ere izan zitekeen. Ikerrek komentatu zidan pausuak “trukoa” daukala, baina guk ez genuen ikusi, jejeje. Bilgunea lurrean jarritako bi paraboltez osatua dago, batean mailloi bat eta bestean altzairuzko uztai handi bat.

Hirugarren luzea, 27 metro, 4c. Luze zikina, sasi eta txilarraz betea. Metro batzuetan zuzen jarraitu eta parean dugun hormaren eskuinaldera zuzenduko gara bertan dagoen arrail bat eskalatuz. Arrailak zertxobait atzera botatzen du baina helduleku paregabeak ditu. Okerrena bertatik ateratzea da belarretatik tiraka atera beharko dugulako. Arraila eskalatu ondoren ezkerrera metro pare bat jo eta zuzen eskalatzen jarraitu beharko dugu bi paraboltez babestutako gandortxoaren ondoren gain batera iristeko. Bilgunea gainatik 3-4 metro aurrerago dago, harkaitz handi baten gainean bi paraboltez osatuta.

Laugarren luzea, 20 metro, 6a. Bilgunetik baino hobe da lehen paraboltetik pasatako zinta batetik aseguratzea, soken marruskadura indarra leuntzeko. Luzea, atzeraka egiten duen horma ezker eskuin zeharkatuz hasten da. Lehen metroak, bidearen lehen luzean bezala, ez dira gogorrak baina denbora osoan indarra eginez joan behar da. Sabai txiki baten azpitik pasatu eta zuzen joko dugu sabai handiago baten azpira iritsiz. Hemen daude luzearen zailtasunik handienak besoetatik gehiago tira egin behar delako. Komeni da honaino oinekin eskalatu eta indarrak gordez iristea. Sabia eskuinetik eskalatzen da diedro itsurako batetik. Bilgunea hormatik atera eta eskuinean dagoen bloke baten inguruan pasatako zinta baten bidez muntatu beharko dugu.

 

Informazio eta argazki gehiago eta krokis zehatzagorik nahi izanez gero hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa