BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ergako Hirutasuna

/ mikel arrizabalaga

2018-01-01 / Mikel Arrizabalaga

Arakil, Gulia eta Imotzeko haranen artean altxatzen da Erga mendia, eta haren magalean daude barreiaturik Aizkorbe, Irurtzun, Aginaga, Gulia, Latasa eta Eraso herriak. Ipar-ekialdeko isurialdeko basoetan pagoa da nagusi; hegoaldekoan, berriz, landare gutxiago dago, eta karezko haitzak dira nagusi. Erga mendiaren tontorra talaia paregabea da herri horiek inguratzen dituzten lursail guztiak behatzeko.

Plazaolako tren zaharraren geltokia zegoen lekuan hasi dugu ibilbidea. Ur biltegiraino igotzen den pista zabaletik gorantz abiatu gara. Burdinazko langa igaro, eta berehala topo egin dugun bidegurutzean Saien behatokira doan bidea utzi (SL-NA 138), eta Trinitatea jartzen duen bide zabaletik aurrera egin dugu. Aurrerago egurrezko bide seinale zaharrak ikusi ditugu, eta hor ere bitan banatzen da bidea. Seinale zurigorriei jarraitu diegu (GR 21), Ignazio Bideari dagozkionak, hain zuzen ere, 1512ko Nafarroako konkista garaian, Ignazio Loiolakoa Iruñeko batailan zauritu, eta jaiotetxera eramateko egin zuten ibilbidearen zati bat egin dugu.

Aldapa gogortzen hasi da, eta laster heldu gara Aizkorbe herritik datorren pista zabalarekin bat egiten den lekura. Tarteka basoan sartzen da pista zabal bat, eta piko horrek erraz lagundu digu gora egiten; hala ere, esan behar da orain urte gutxi zabaldu zuten pista horrek ez duela zentzurik, lehengo xenda ederra erabat desitxuratu egin baitu. Pista amaitu, eta zidor zaharrak sigi-sagan ermitaren ondora eraman gaitu. Alanbrezko hesian dagoen ataka gainditu, eta eskuin alderantz jo dugu Trinitateko baselizaren bila. Burdinazko atetik pasatu, eta baselizaren eskaileretan eseri gara atseden hartzeko asmoz. Atea itxita dago, eta ezin izan dugu bistatu, baina horren ondoan dagoen aterpe eder eta txukunean sartu, eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu. Tenplu horri zor dioten debozioa oso aspalditik dator. Antzina, gaur egun Aginagako parrokian dagoen Hirutasun Santuaren irudia ermita horretara igotzeko ohitura zegoen. Zehazki, Hirutasun Santuaren igandean idi gurdi batean eramaten zuten. 40ko hamarkadan irudiaren kopia bat egin, eta Ergan betiko utzi zuten. Urte askotan baseliza abandonatuta egon da, 1971n bizilagunek eraikinaren zaharberritze lanen ardura hartu zuten arte.

Etorritako bidetik atzera egin dugu, lehen gainditu dugun ataka arte, baina beherantz egin beharrean aurrera jarraitu dugu, Erga tontorraren bila. Pago artean zabaltzen den bide nabarmenetik azkar igo gara gailurrera, eta, hor dauede, karlistaldiko lubaki batzuen arrastoaz gain, ohiko erpin geodesikoa eta gutunontzi bikain bat. Ikuspegi ederra dago tontor zabal eta ordoki belartsu horretatik: Axitarte, Arakil eta Sakana haranak, baita Atez, Imotz, Basaburua eta Ultzama ere. Gozatu ostean, atakara itzuli gara, eta igotako bide beretik abiapuntura itzuli gara.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa