BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

euskal herria

Aketegi Erpina, Nardagaiztotik: "Petit Eskirol" irteera, M3, III+

Hasi da Aizkorriko kanalen denboraldia: animatzen al zarete?
Ibilbidearen nondik norakoak, puntu zuriz hurbilketa, gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.
Ibilbidearen nondik norakoak, puntu zuriz hurbilketa, gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa. / Smithy

Batzuetan, nahiz eta begien aurrean izan, gauzarik nabarienak ez ditugu ikusten. Kronika honetako ibilbidearekin honelako zerbait gertatu zela esango nuke. Nahiz eta Nardagaizto askotan eskalatu, nahiz eta "Petit Eskirol" bezala izendatu dugun irteeraren inguruan askotan ibili, artikulu honetan azaltzen den Nardagaiztoren bariantea eta irteera sekula eskalatu gabeak genituen. Eta ez ibilbidea ezkutuan dagoeleako edo topatzeko zaila delako. Biak, bariantea eta irteera alegia, oso nabariak dira, hain nabariak ezen eskalatuak genituelakoan geunden.

Abenduaren hasierako elurteak elur asko utzi bazuen ere, eguraldi txarragatik ez genuen Aizkorrira hurbiltzeko aukerarik izan. Gabon gau egunerako eguraldi ederra iragarrita zegoela ikusita, Leku, Asier eta hiruok esploratu gabeko ibilbide hau eskalatzeko plana egin genuen. Eguraldia, egunsentia eta giroa alde izan genuen elurraren kalitate eta kantitatea ezik, ezin dena eskatu. Hala ere, egindako ibilbidea asko gustatu zitzaigun, "Petit Eskirol" irteera batez ere. Hurrengo elurtearen zain egon beharko dugu irteera hau egoera hobeago batean errepikatu ahal izateko.

IBILBIDEA

"Petit Eskirol" izena guk asmatua da, erreferentzi bezala izateko. Irteera honek izen propioa izan dezakeen arren ez dugu inon topatu, honegatik argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

"Petit Eskirol" irteerara iristeko Nardagaizto eskalatuko dugu. Laugarren irtengunera iritsi aurretik Nardagaizto bitan banatzen da. Ezkerreko adarra jarraituz hiru bariante edo irteera posible ditugu. Lehen eta hirugarren barianteak "Bloke" eta "Txarantsa" irteerak eskalatzerakoan eskalatuak genituen hurrenez hurren. Oraingoan eskalatutako bariantea aurrekoen artekoa (bigarrena, alegia) da.

Nardagaiztotik kanpo, Aketegiren ipar hormaren azpiko anfiteatroan dagoen bloke karakteristikoaren ("Aguja zipaio" bezala ezagutzen duguna) pasagunea eskalatu eta hemendik gora zuzen jarraitu genuen Aizkorriko gandorra osatzen duen hormaren azpira iritsi arte. Horman, "Anaiena" irteeraren lehen metroak eskalatu eta ezkerrera doan diagonal nabarmena eskalatzen jarraitu genuen gandorrera iritsiz. Behin gandorrean, bertako ertzetik eta inongo zailtasunik gabe, Aketegi Erpinaren gailurrera iritsi ginen.

Gandorra jarraituz Aketegira igo eta honen iparreko faxa inklinatua zeharkatuz Nardasakonera iritsi ginen bertatik jaitsita abiapuntura itzultzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 3 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Aketegi, 1.551 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 670 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Itzubiagako iturrian ura hartu daiteke.
- Zailtasuna: M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, arnesa, bi piolet tekniko eta kranpoiak. Honez gain, nahiz eta gero ez erabili, 30 metroetako bi soka, auto babeserako materiala (friend eta fisureroak), express zintak eta bilguneak muntatzeko zintak ere eraman genituen.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 3 ordu eta berrogei eta hamar minutu lasai eta poliki joanda.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa