BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Ausa Gaztelu Olakosaitik: bi bide ezberdin ibilbide berean

Aralarko mendi ahaztua, Txindokiren itzalpean dagoen hau. Kronika honetan igo edo jaistek bi aukera proposatzen dizkizuet.
Orendain herria eta Ausa Gazteluren gailurra
Orendain herria eta Ausa Gazteluren gailurra / Smithy

Anaia eta biok beti esan izan dugu Ausa Gaztelu Txindokiren itzalpeko mendi ahaztua dela. Goierri eta Txindokiko talaia itzela izan arren, Txindokiren ospe eta itzala oso luzeak dira. Urrutitik datorren mendizaleak bi mendi hauen artean Txindoki aukeratzea ulergarria bada ere, kronika honekin Ausa Gazteluk bisita bat merezi duela aldarrikatu nahi dut nahiz eta azkenaldian, Mikel Arrizabalagaren eskutik ere, Ibilkiran modan dagoela dirudien, jejeje.

Kronika honetan Olakosaitik Ausa Gaztelura gehien jarraitzen diren bideak ezagutzeko aukera dago.

Igoeran, Olakosaien dagoen "Akapulko" aterpearen ondoko iturriaren atzetik mendian gora hasi eta, malda gogor bat igo ondoren, Olakosaitik Ausa Gazteluren hegoaldeko lepora doan pistara iritsiko gara.

Pista 150 metro inguru jarraitu ondoren, aska baten ondoan utzi eta berriro ere mendian gora hasiko gara Ausa Gazteluren gailurra defendatzen duen harkaitz horma eskuinetik inguratu eta, hegoaldetik datorren ohiko bidearekin bat egin ondoren, gailurrera zailtasunik gabe iristeko. Bide hau zuzenagoa egin daitekeen arren, kronika honetan proposatutako teknikoki errazagoa dela esango nuke, eskuak inongo momentuan erabili gabe igotzeko aukera ematen duena.

Jaitsiera, Ausa Gazteluren hego-mendebaldeko aurpegiko ohiko bidetik egina dago, Olakosaitik Ausa Gazteluko hegoaldeko lepora arte doan pista hartu eta abiapuntura itzultzeko. Jaitsiera gozoa da, Txindoki eta Aizkorriko ikusmiraz gozatzeko aukera aparta ematen duena.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 5,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Larraitz, 425 metro.
- Punturik altuena: Ausa Gaztelu, 904 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 525 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Olakosaien dagoen "Akapulko" elkartearen ondoan iturria dago.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka zailtasun teknikorik baina jaitsieraren lehen metroetan arretaz ibili beharko dugu, batez ere harkaitza bustia badago.
- Eramandako materiala: Ez dugu aparteko materialik beharko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oinez lasai-lasai, argazkiak egiteko eta atseden hartzeko denbora hartuz, igoera eta jaitsiera ia bi orduetan bete nuen. Arin-arin eta gelditu gabe ia denbora erdian egin daiteke.

Olakosaiko aparkalekura iristeko zein bide jarraitu behar den jakin nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

Ibilbide honen inguruko argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa