BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Aizkorriko gurutzea, Sakonaundi kanaletik, PD, M2, II-III

Sakonaundi Aitxuriko ipar hormaren azpiko kanal ahaztua da eta ondoan duen Iralarrainardea kanalaren itzalpean dagoen arren aukera ederrak eskeintzen ditu. Hona hemen aukera eder horietako bat.
Ibilbidearen nondik norakoak, zuriz igoera eta urdinez jaitsiera
Ibilbidearen nondik norakoak, zuriz igoera eta urdinez jaitsiera / Smithy

Aurtengo negua gogorra doa eta Aizkorriko kanaletara hurbiltzeko aukerak dezente mugatu dizkigu, asteburu gehienetan euria edo elurra bota eta bota aritu baita. Hau dela eta eguraldi txarrak emandako su-eten bakoitza aprobetxatu beharrean izan gara irteera motzak egiteko.

Sakonaundi ondoan duen Iralarrainardearen itzalpean dagoen kanala da. Gehienetan jaitsiera moduan jarraitzen bada ere, aukera interesgarriak ematen ditu, batzuk Iralarrainardeak dituenak baino politagoak, "Couloir" irteera, adibidez. Kanalaren ezker aldera (igoeraren norantzan) jotzen badugu, Aizkorriko Gurutzearen gailurrera iristeko aukera ezberdin asko ditugu, gehienak zailtasun baxukoak. Aukera hauen guztien artean bat proposatzen dizuet, zaila ez bada ere igoerari gatz puntu bat emango diona.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan utzi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Hemendik gora Iralarrainardea kanalera doan bidea jarraitu genuen (bide honen nondik norakoak hemen irakurri daitezke). Iralarrainardea ezkerrean utzi eta zeharkaldi baten ondoren Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin kanala jarraitzea besterik ez da, kanala zabaltzen hasten den lekuan pixkanaka ezkerrera joz. Sakonaunditik Aizkorriko gurutzera iristeko aukerak anitzak dira eta Aizkorri eta Aitxuriren arteko gandorrak zirrikitu eta zailtasun ezberdineko igoerak eskaintzen ditu. Gure kasuan, behe-lainoagatik izan genuen ikuspenak mugatuta, aukeran izan genuen irteeraren artetik interesgarriena iruditu zitzaiguna hartu genuen, eskaladan II-III eta mistoan M2 bezala sailkatu genuen irteera.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 960 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD, M2, II-III.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Nahi izanez gero gandorrera iristeko soka luze bat egiteko aukera dago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta ia lau ordu eta erdi pasa genuen.

Amaitzeko, igoeraren bideoa ikusi nahi baduzue:

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa