BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Aitxuri, Sakonuandiren irteera zuzenetik, lezearen bariantea, AD, M3, III+

Ibilbide berean kanal baten igoera, zailtasuna ertaineko eskalada mistoa eta, amaitzeko, leize estu baten zeharkaldia. Eta den dena etxe ondoan. Zer gehiago eskatu daiteke?
Ibilbidearen nondik norakoak, gorriz igoera, urdinez jaitsiera
Ibilbidearen nondik norakoak, gorriz igoera, urdinez jaitsiera / Smithy

Tristura sentitzen dut Iralarrainardean gora mendizaleak bata bestearen atzetik ikustean, ondoko Sakonaundin inor ikusi gabe. Guk ere urteetan zehar Sakonaundi igo baino jaitsi egin dugu, izan ere, jaitsi badugu ere, Sakonaundi bere osotasunean ez dugu sekula igo. Kronika hau Sakonaundi kanalari eskaini nahi diodan trilogiaren bigarrena da. Trilogia honen bidez, Iralarrainardearen itzalpean erdi ahaztua dagoen kanalaren aldarrikapena egin nahi dut, kanalak dituen aukera interesgarrietako batzuk azalduz.

Bigarren kronikarako Sakonaundiren irteera zuzena aukeratu dut. Aspaldi nuen Sakonaundi kanalaren irteera zuzena begiak jota, Sakonaundi azpitik hartu eta, zuzen-zuzen igoz, Aitxuriren hego-mendebaldeko lepora ateratzeko. Kronika honetan igoera honen azalpena irakurtzeko aukera izango duzue, Aizkorriko kanaletan eskalatu dugun biderik ikusgarriena inongo zalantzarik gabe. Denetik duen ibilbidea da: 55 gradu arteko elur malden igoera, M3 edo III-III+ zailtasuneko eskalada eta, ibilbidea borobiltzeko, Aizkorriko Gurutzea eta Aitxuriren arteko gandorrera iristeko horma alderik alde zeharkatzen duen zulo edo leize motz eta estu baten zeharkaldia.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan hasi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Iralarrain gurutzeko zelaigunera doan ohiko bidea jarraitu eta, Iralarrainardearen oinetik eskuinera zeharkaldi horizontala egin ondoren, Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin, kanala zuzen-zuzen jarraitu besterik ez genuen egin, gainean dagoen hormara iritsi arte. Hormara iritsi baino 10-15 metro lehenago, errazen ikusi genuen lekuan, 3-4 metroetako hormatxoa eskalatu (III-III+) genuen gure ezkerrean "Couloir" irteeraren sarrera utziz.

Lehen hormatxoa eskalatuta, hemendik gora pare bat irtengune eskalatu ondoren (III) gandorrerako bidea ixten duen horma bertikalera iritsi ginen. Hemen bi aukera daude: lehenengoa horma ezkerretik inguratu eta 45-50 gradu inguruko elurrezko malda motz batetik gandorrera atera edo, hormaren azpiko erlaitza eskuin aldera jarraitu amaitu arte.

Erlaitzaren amaieran 8-10 metroetako horma bertikala eskalatzeko aukera dago. Hormak, arrail asko dituena, auto-babeserako aukera handiak ditu. Zailtasunari dagokionez, IV+ inguruan izan daitekeela pentsatu genuen. Baina hormaren oinean altxor itzela gordeta dago: horma alderik alde zeharkatzen duen zulo edo leizetxoa. Zuloa estua da eta zeharkatzeko motxila kendu behar izan genuen. Erdi arrastaka 3 metro inguru ibili ondoren eguzkiaren izpiek aurpegian geuen irribarre eta zoriontasuna ederki argitu ziguten.

Jaitsiera, Aitxuri inguratu ondoren, Sakonaunditik egin genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aitxuriko lepoa, 1.500 metro inguru.
- Metatutako desnibel positiboa: 880 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1. Oraingoan ez ginen Aitxuriko gailurrera iritsi.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak, bi piolet eta eskaladarako materiala: 30 metroetako soka bat, auto-babeserako friend eta iltzeak, dozena erdi bat express zinta eta bilguneak muntatu ahal izateko zinta luze batzuk. Azkenean eskaladarako materialik ez genuen motxilatik atera.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Ibilbidearen bideoa ikusi nahi baduzue:

Amaitzeko, ibilbidearen informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa