BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zeharkaldi ederra izan da asteburukoa, eta hainbat tontor egiteko beta izan dugu “100 gailur Desafia Dravet elkartearen alde” ekimenarekin.

Haizearen jolastokiak

/

Elgea herrian bertan, Andra Mari auzunean, Elgeamendirako bidea ateratzen da. Metalezko atea iragan ostean hasten da ibilbidea. Pinu eta haritz basoak zeharkatzen dituen porlanezko pistak gora egiten du, harik eta zuhaitzen presentzia murritzen den arte. Hortxe lehen tontorra, Albiturri (994m).
Aurretik Mugarriluzeko haize-errotak ditugu, eta hara nahi dugu. Harri-txintxarrizko pista da orain jarraitu beharrekoa. Aurretik beste tontortxo batzuk ditugu zain: Urkitza (915m), Arriurdin (992 m), eta  Makatzgain (996 m) sekulako ikuspegiarekin (Anboto, Udalatx, Kututzebarri,…). Azken honetan, eta eskumatara dugun lepoari begira, jiratu egingo dugu gure ibilbidean aurrean dugun Pagobedeinkatua (1017m) izeneko menditxoa igotzeko. Hemendik ere, egiten ari garen zeharkaldiaren ikuspegi bikaina izango dugu. Orain bi tontor berezi igoko ditugu Leizargarateko lepora jaitsi ostean. Hemen seinale asko ditugu norabide guztiak bideratzen baina guk Bizkarlatza (1095m) eta atzean dagoen Zaraiako Aizkorri (1132m) igoko ditugu. Bi tontorrak zapaldu ostean, eta Alabietako txabolak atzean utzita, Alabietako lepora edo arratera aterako gara.  Aurrean, Mugarriluzea harria ikusi ahal dugu. Minutu batzuk geroago bere harri latza ukitzen ari gara, eta aurrerago bere buzoia, Mugarriluze (1.111 m). Zutik dirauen harriak bi metroak gainditzen ditu, eta ia beste bi ditu bere ipurdian. Itzela da.
Gure ibilbidearen azken txanpan sartu gara. Aurretik, metalezko haize-erroten azantza artean, Aumategi (1192m) mendira garamatzan pista baino ez dugu. Metalezko mamuek desitxuraturiko azken gailur eder hori zapaldu ostean, Orbe Putzura lepora itzuliko gara, berriz Elgea herrira, metroak galduz, eramango gaituen pista hartu ahal izateko.

Informazio gehiago: https://www.facebook.com/manaslu.espedizioa.1

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa