BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo: "Alde Hemendik" bidea, 90 m, 6a+

Uharte Arakilen kokatutako Aiztondo eskalada eskolan bada estutzea eskatuko digun hainbat luzeetako biderik. Hona hemen horietako bat.
"Alde hemendik" bidearen nondik norakoak / Smithy

Berriro ere Azitondon gaude izen bereko sektoreko bide motzetako bat eskalatzeko asmoz. Bide hau ez da asko errepikatzen den horietakoa baina hala ere ibilbide ederra dauka, gu bezalako erdi-mailako eskalatzaileoi estutzeko aukera emango diguna.  Bide motza izanda, aproposa da ondoko beste bide luzeago bat eskalatu ondoren eskalatzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 90 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez luze: 1ºL: 6a (30 m), 2ºL: V (30 m) eta  3ºL: 6a+ (30 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Eguzkia eguerditik atzera ematen dio.
- Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15 minutu inguru. Hurbilketa nondik egin hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: Bidean beste sokadarik ez badago azkarrena rappelatzea da, inguruan beste biderik ez dagoelako. Sokadaren bat egongo balitz, azken bilgunetik gora metro batzuetan jarraitu, hormatik atera eta, “Makurketa” sektorera hurbilduz, oinez jaitsi gaitezke
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta, eta luzera zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, 6a. Luzea diedro/tximinia inklinatu batean gora hasten da. Lehenengo metroak, uraren higaduragatik edo, leun xamarrak dira eta gorputza ongi kokatu behar da metroak irabazteko, tximiniaren eskuin hormak enbarazu egiten baitu. Tximinia eskalatuta, luzeak eskuinera pixkanaka jotzen du, eskuentzat helduleku gutxi, txiki  eta leuneko harkaitz-plaka tente eta teknikoa eskalatuz. Bilgunea, arte nabari baten eskuinean kokatua, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Bigarren luzea paraboltekin babestua dago. Luzea bilgunea eta artearen artetik hasten da zertxobait makurtua dagoen 2-3 metroetako horma eskalatuz.  Lehenengo metro bertikal hauen ondoren helduleku oneko harkaitz-plaka tentea eskalatuz jarraitzen da. Bilgunea, uztaidun bi paraboltez osatua, ez dago leku eroso batean.

- Hirugarren luzea, 30 metro 6a+. Lehenengo metroak, bigarren luzearen moduan, helduleku oneko harkaitz-plaka tentea eskalatuz egiten dira, helduleku gutxiko harkaitz-plaka tente batera (gure ustez 6a izan dezakeena)  iritsi arte. Harkaitz-plaka hau eskalatu eta, putreen gorotzez zikindutako metro batzuen ondoren (V+), bilgunetik ikusten den makurtutako horma eta diedrora iritsiko gara. 
Diedroa eskalatuta (6a+), bilgunera iristeko eskuinera diagonalean pasabide fina egin beharko dugu, diedroan erretako energia kopuruaren arabera gogorra egin daitekeena. Bilgunea, beste bien moduan, uztaidun bi paraboltez osatua dago.

 

Krokis zehatz, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue
 

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa