BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia: "Pasabide" bidea, 340 metro, V

Bide luzea, abentura kutsuarekin, asegururik gabekoa, V mailako zailtasunekoaeta etxetik gertu: ba al dago gehiago eskatzerik?
"Pasabide" bidearen nondik norakoak / Smithy

2016eko urriaren 15ean, Iker, Koldo eta Unaik Ziordiako ezproi ikusgarriaren ezkerreko hormetan "Pasabide" izenez izendatu zuten 340 metroetako bidea ireki zuten. "Amona", "Asezinak" eta "batean kale bestean bale" bideen estiloa jarraituz, azpitik modu garbian ireki eta horman ez zuten inongo materialik utzi, mendia topatu bezala utziz. Bide honen irekieraren inguruko azalpenak Mendia eta eskalada blogean irakurri daitezke, hemen hain zuzen ere.

Ikerrek bide honen berri eman zidanetik Asier eta biok errepikatzeko gogoz geunden. Luzea, abentura kutsuarekin, asegururik gabekoa eta V mailako zailtasunekoa, ba al dago gehiago eskatzerik?

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 340 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Iker, Koldo eta Unaik 2016eko urriaren 15ean.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (40 m), 2ºL: V (45 m), 3ºL: IV+ (50 m), 4ºL: III (35 m), 5ºL: III (50 m), 6ºL: IV+ (45 m), 7ºL: IV+ (40 m) eta 8ºL: III+ (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta ezkerrean utziko dugu harritza handi batera iritsiz. Harritza hau eta ondorengo basoa zeharkatu ondoren bigarren harritza batera iritsiko gara. Harritza honetan hormari begira jartzen bagara, horma eskuin aldetik belar-kanal nabari batek goitik behera "erdibitzen" du. Bidea, kanalaren ezkerrean dagoen monolitoan gora hasten da. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu ertzetik baino basotik gehiago ibiliz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu "Irati" bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura berrogeita hamar minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: lau ordu eta hogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 40 metro, IV+. Ezproi txikiaren eskuin ertzeko harkaitz trinkoan dauden zuloak aprobetxatuz ertzera igoko gara (IV-). Ertzetik jarraitu beharrean zertxobait ezkerrera bota eta ezproitxoaren hego aurpegitik eskalatzen jarraituko dugu gaineko arte txikira zuzenduz. Metro hauek (IV+) tenteak, zalantzazko harkaizdunak (txarra izan gabe) eta auto-babeserako aukera gutxi ematen dute.

Artearen ezkerrean kokatu eta, besoetatik tira eginez (IV), ezproitxoaren gainera iritsiko gara.

Ezproitxoaren gailurrean kontuz ibili behar da askatutako harkaitzak daudelako. Gailurra atzean utzi eta, parean dauden arteek osatutako pasilloa zeharkatuz, erdi-oinez, pareko hormara iritsiko gara, bertako harkaitz-bloke handi baten inguruan bilgunea muntatuz.

- Bigarren luzea, 45 metro, V. Bilgunearen ezkerretik atera eta hormaren azpian dagoen zuhaixka baten gainera igoko gara (IV). Zuhaixka honetatik gorako eskalada osoa V mailako zailtasunaren baitan dago.

Zuhaixkatik pixkanaka eskuin aldera diagonalean eskalatuz jarraituko dugu bilgunetik ikusten den belarrez hornitutako arrail bertikalera zuzenduz. Horma bertikala izan arren auto babeserako aukera oso onak ditu. Arraila eskalatuta (V), hormaren gaineko arte handiaren oinera zuzentzen den diedro/tximinian sartuko gara. Diedroaren barruko harri askeak ekidinez (IV+), artearen azpian kokatu eta plaka sendo eta trinkoa aprobetxatuz ezkerrera metro inguruko zeharkaldi horizontala egin (V), artearen ezkerreko paretara pasa eta zuzen jarraituko dugu hormatik ateraz (IV+).

Zailtasun guztiak amaituta, metro batzuk eskalatzen jarraitu (III) eta pareko horma bertikalaren azpiko harkaitz-plaka batean bilgunea muntatuko dugu.

- Hirugarren luzea, 50 metro, IV+. Bilgunetik atera eta horma estaltzen duen huntzaren ezkerreko blokeetara zuzenduko gara. Bertara iristeko, bloke hauen oinean horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitzera ezkerretik igo (III) eta, erlaitzaren gainetik, eskuinera pasatu.

Harkaitz blokeen azpian kokatu (harkaitzak delikatu xamarrak dira) eta zuzen eskalatuko dugu (IV+). Pasabide hau eskalatuta, harkaitz-plaka ezberdin batzuk eskalatuz (III) zuzen eskalatzen jarraitu eta, ezproiaren gailurrera iristeko, eskuinera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egingo dugu (III) tximinia motz batean sartuz.

Nahiz eta erraza izan (III-III+), tximiniako harkaitz asko ez dira oso fidagarriak. Tximinia eskalatuta, ezproiaren ertzetik jarraituko dugu gailurrera iritsiz. Gailurra atzean utzi, ertza amaiera arte jarraitu eta, metro batzuk belarrean oinez egin ondoren, pareko ezproi txikiaren azpialdeko lizar nabari batean bilgunea muntatuko dugu.

- Laugarren luzea, 35 metro, III. Lizarraren ezkerretik gora doan harkaitz-plaka etzana eskalatzen jarraituko dugu (III) gaineko zuhaixken artetik pasatuz. Hormatxoaren gainera iritsitakoan, eskuinera jo eta ertzetik jarraitu beharrean, elorri bat erdian duen zelaigune txikia oinez zeharkatu eta pareko ertzera igoko gara (III zailtasuneko pasabidea).

Ertzetik metro batzuk jarraitu ondoren, honen parean dagoen ertz etzan eta nabariaren azpiko artean bilgunea muntatuko dugu.

- Bosgarren luzea, 50 metro, III. Bilgunetik gora hasten den ertz etzana eskuinean utziz, bilgunetik oinez atera, pareko zelaigunea zeharkatu eta pareko belar-kanalera eramaten duen 2 metro inguruko hormatxoa eskalatuko dugu (III), kanalera iritsiz.

Kanalean dauden harkaitz-plaka etzanak zuzen eskalatuz kanala bukaera arte jarraitu eta honen amaieratik 10-12 metroetara dagoen harkaitz-plaka etzanaren oinean bilgunea muntatuko dugu.

- Seigarren luzea, 45 metro, IV+. Harkaitz-plaka etzana eskalatzen hasi ezkerrera diagonal bat eginez (III). Heldulekuak soberan ez daude baina nahikoak dira. Heldulekuak amaitzerakoan harkaitz-plaka metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta berriro ere ezkerrera joko dugu diedro itsurako arte batzuen azpiko hormatxo bertikalaren azpian kokatuz.

Diedroa zuzen eskalatu (IV+), metro batzuetan oinez zuzen jarraitu eta, pareko hormaren arrail sistema aprobetxatuz, ezkerrera zeharkaldi diagonal bat egingo dugu (IV) horma bertikal baten azpiko harlauz eta harkaitz-zubi handi batean bilgunea muntatuz.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen gaineko harkaitz-plakatxoa eskalatu ondoren (III) pareko horma bertikalaren azpian kokatuko gara. Horma bertikalaren lehenengo pausua besoekin tiratzekoa (IV+) da, oinentzat heldulekurik ez dagoelako. Pasabidea eskalatuta, ezkerrera zeharkalditxo horizontala egin eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu horma bertikala eskalatuz.

Horma bertikaletik gora eskuinera jo eta bertako plakaren ertzetik eskalatzen jarraituko dugu haritz eta artez osatutako "baso" txiki batera iritsiz. Hildako arte berezi bat ezkerrean utzi, basotxoa zeharkatu eta, zuhaitzen itzalpean, hormaren azpiko arteetako batean bilgunea muntatuko dugu, bilgunearen ezkerrean punta bat eta arte eder bat utziz.

- Zortzigarren luzea, 30 metro, III+. Bilgunetik gora harkaitz oneko harkaitz-plaka ezberdinak zuzen eskalatzen jarraitu eta eskuinera diagonalean metro batzuk egingo ditugu hormaren amaieratik behera doan tximini baten azpian kokatuz (III). Tximinia eskalatu (III) amaiera arte. Tximiniaren amaieran mugarri bat dago. Bilgunea ertzaren harkaitz-blokeetako batetik zinta-uztaia pasatuz muntatuko dugu.

Bide honen inguruko, krokis, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa