BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ezkuleku Harria: ekialdeko ertzetik, 170 metro, IV+

Eskalada ezberdin bat leku ezezagun, basati eta bakartian egin nahi? Hau izan daiteke bilatzen ari zarena.
Ezkuleku Harria eta bidearen nondik norakoak
Ezkuleku Harria eta bidearen nondik norakoak / Smithy

Ezkuleku Harria, Uharte Arakileko Muskildi zirkoan kokatutako 765 metroetako orratz ikaragarria da, bere gailurrera iristeko nahi eta nahi ez eskalatu beharko duguna. Hegoaldetik harkaitz-plaka bertikalez defendatua dagoen bitartean, mendebaldean izugarrizko horma makurtua du, euria botatzen duenean bustitzen ez den horietakoa. Iparraldetik eskalatu nahi badugu, harkaitz-bloke soltez osatutako 10-12 metroetako horma makurtu eta arriskutsua eskalatu beharko dugu. Ertzei dagokionez, deigarrienak hiru dira: mendebaldeko aurpegiaren itzalpean ezkutuan dagoen ezproi eta ertz motza, mendebaldeko ertz bertikala eta ekialdeko ertza. Kronika honetan ekialdeko ertzaren inguruan arituko naiz.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 170 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: III+ (30 m), 3ºL: IV (50 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: IV+ (40 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25-30 minutu inguru.
- Jaitsiera: Gailurretik iparraldera 12-15 metroetako rappela egin eta ertza jarraitu amaiera arte. Azken harkaitzak atzean utzi ondoren GR-20 bidearekin bat egingo dugu. Hemendik, 30 minutu ondoren kotxea utzitako lekura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2 ordu eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. Luzea plaka etzan erraz bat eskalatuz hasten da plaka tente eta trinko baten oinera iritsiz. Plakaren 3 metroak zuzen eskalatu (III-III+) eta tximini bertikal itsurako baten oinean dagoen belarrezko erlaitz txiki batera iritsiko gara.

Tximinia eskalatu (harkaitza dirudiena baino hobea eta aseguratzeko aukera handiak ditu) eta hormaren gainean dagoen zuhaixkara zuzenduko gara, helduleku oneko 2-3 metrotako plaka inklinatua eskalatu eta hormatik ateraz.

Hormaren amaieratik 5-6 metro gorago bilgune sendo bat muntatu ahal izateko arte eder bat ikusiko dugu.

- Bigarren luzea, 30 metro, III+. Bilgunetik gora doan ertza eskalatuz jarraituko dugu. Lehen metro etzanak eta errazak dira. Ertza tente jartzen den lekuan ertzaren ahotik (III+) jarraituko dugu luzearen zaitasun guztiei amaiera emanez. Zati honetan harkaitza dirudiena baino trinkoagoa da.

Zati bertikala eskalatuta, metro batzuk erdi-oinez (II) egingo ditugu ertzaren amaierara iritsiz. Bertatik oinez, sastraka batzuk ezkerretik inguratuz, ekialdeko orratzaren oinera iritsiko gara, bilgunea harkaitz-zubi pare bat aprobetxatuz muntatuz.

- Hirugarren luzea, 50 metro, IV. Luzea, bilgunetik gora doan tximinia eskalatuz hasten da(IV). Tximinia hau eskalatu nahi ez bada, eskuineko ertzetik eskalatuz metroak azkarrago irabaziko ditugu.

Lehen metro tente hauen ondoren ertza etzanez doa (II), azkeneko metroak erdi-oinez irabaziz. Orratzaren gailur azpian dagoen arte nabarira iritsi aurretik ertza tentetzen da (III+). Zati honetan adi ibili beharra dago harriren bat sendo ez dagoelako.

Artea atzean utzita orratzaren gailurrera iristeko eskalatu beharreko harkaitz-plakaren azpira iritsiko gara, 3 metro inguruko plaka trinkoa eta bertikala (IV,), oso ondo babestu eta bi arrakalek zeharkatzen dutena. Plaka eskalatuta orratzaren gailurrera iritsi eta bertako harkaitz-zubi batean bilgunea muntatuko dugu.

Orratza eskuak erabiliz jaitsi iparreko ertz estua zeharkatu eta ertzetik gertu dagoen zuhaixka baten enborretatik pasatuz hirugarren "bis" bilgunea muntatuko dugu.

- Laugarren luzea, 20 metro, IV+. Bilgunearen zuhaixkaren ezkerretik atera eta pareko plaka eskalatuko dugu (III+) erlaitz txiki batera iritsiz. Erlaitzean eskuinera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin eta goitik behera bi pitzadura dituen plaka trinko eta bertikala eskalatuko dugu (IV+) sabai txiki batera iritsiz. Sabaia zuzen eskalatu eta hormatik aterako gara, oinez 5-6 metro gorago jarraitu eta lurrean dauden harkaitzetako harkaitz-zubietan bilgunea muntatuz.

- Bosgarren luzea, 30 metro, IV+. Bidearen luzerik, bertikal, eder eta teknikoena inongo zalantzarik gabe. Bilgunetik atera eta zuzen jarraituz, plaka etzan ezberdinak eskalatu (II-III) eta pareko horma bertikalaren azpian kokatuko gara.

Harkaitz-plakan 2 metro ingurura dagoen harkaitz zubi nabaritik zinta-uztaia pasatu eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu. Helduleku eder eta arrakala ezberdinak jarraituz (IV), zuhaixka batera iritsi eta hemendik eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egingo dugu erlaitz txiki baten gainean kokatuz.

Erlaitzetik gora eskalatzen jarraitu (IV+) arrakala ezberdinak aprobetxatuz. Erreferentzi bezala hormaren gainean ikusten den hildako zuhaitz nabaria hartuko dugu, bertatik aterako baikara.

Hormatik atera eta zuzen jarraituko dugu orratzaren gailurrean dagoen harkaitz handiaren inguruan 10 milimetroetako bi soka-uztaiez muntatutako bilgunera iritsiz.

Orratzetik jaisteko, bilgunean utzitako mosketoia aprobetxatu eta bertatik 12 metro inguruko rappel bat egingo dugu orratzaren iparreko lepora iritsiz.

Zailtasun guztiak amaituta, rappela amaitzen den lepotik ertza amaiera arte ipar noranzkoan jarraitu eta GR-20 bidearekin topo egingo dugu,behin hemen 20-25 minutu inguruan kotxea utzitako lekura itzuliz.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa