BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ezkuleku Harria: mendebaldeko ezproia, 80 metro, IV

Zailtasun handirik gabeko eskalada izanda ere, harkaitzaren kalitatea kontutan hartuz, burua hotz izateak eskatuko digun eskalada, inongo zalantzarik gabe.
Ezkuleku Harria eta mendebaldeko ezproiaren nondik norakoak
Ezkuleku Harria eta mendebaldeko ezproiaren nondik norakoak / Smithy

Ezkuleku Harriaren mendebaleko aurpegi mehartuan kokatutako ezproiak atentzioa deitzen du. Ezproi elegante hau mendebal aurpegiaren itzalpean jaio eta, zuzen-zuzen, Ezkuleku Harria eta GR-20 bidearen arteko ertzera iristen da.

Baina ezproi hau eskalatu daiteke? Galdera honi erantzuna emateko asmotan Ezkuleku Harrira itzuli ginen...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: IV. Luzez luze: 1ºL: IV (25 m), 2ºL: III-III+ (55 m).
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik, GR-20 bidea jarraituz, 25-30 minutu inguru.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerrera (iparraldera) doan ertz zabala amaiera arte jarraitzen da GR-20 bidearekin bat egin arte. Bide honetatik 25 minutu inguruan kotxea utzitako lekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordubetet pasatxo.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 25 metro, IV. Lehenengo 10 metroak harkaitz oneko plaka inklinatu bat eskalatuz egiten dira. Plakaren amaieran horma bertikala zuzen eskalatzen jarraituko dugu (IV zailtasuna) ezproiaren ezkerreko zuhaixkara zuzenduz. Horma honetan harkaitz solte asko dago eta kontuz eskalatzekoa da.

Zuhaixkara iritsitakoan ezproiaren ertzetik eskalatzen jarraitu (IV eta harkaitza txarra) hormatxo bertikal batera iritsi arte. Hormatxoan zuzen eskalatu (III+, harkaitza oso ona) eta bilgunea arte eder baten enborraren inguruan muntatuko dugu.

- Bigarren luzea, 55 metro, III-III+. Lehen metroak erdi-oinez egin ondoren, aurreko hormatxoa (II+) eskuinetik eskalatu eta ezproiak egiten duen puntara iritsiko gara. Metro batzuk ertzetik erdi-oinez jarraitu eta harkaitz trinkodun plaka inklinatua eskalatu (II) ondoren luzearen zatirik zailenera iritsiko gara, 4-5 metro inguruko hormatxo bertikala.

Hormatxoaren eskalada ez da zaila (III-III+ inguru) baina harkaitzaren kalitateak ez da onena. 2-3 metro eskalatu ondoren, ezkerrera zeharkalditxo bat egin eta ezproiaren ertzean kokatuko gara azken metro parea erraz eskalatzeko.

Hormatxotik atera eta, belarretan 4-5 metro ibili ondoren, arte eder baten ingurutik zinta-uztaia pasatuz bilgunea muntatuko dugu.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa