BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ladakh (Tibet txikia)

Lamayuru
Lamayuru / mikel arrizabalaga

2018-08-24 / Mikel Arrizabalaga

Abuztuaren 2an Indiarantz abiatu gara. Delhi, Amritsar, Dharamsala eta Manali bisitatu ostean, Ladakh aldera jo dugu lurralde eder honetako kultura, jendea eta monasterioak ezagutu asmoz. Negu luze eta gorriaren ostean (izotza eta elurra urritik ekaina arte), errepideak libratu eta Ladakheko lurraldea munduari irekitzen zaio.
Ladakh oso lurralde berezia da eta bertara joateak, bere espazioek eta bertako jendeak isurtzen duten espiritualitateaz gozatzeko aukera eskaintzen du. "Tibet txikia" bezala ezaguna da eta bertan bizirik irauten du jatorrizko tibetar budismoa, Indo ibaiaren haranean 5.000 metro gaindiko mendi paregabez inguraturik.
Kapitala Leh da eta egunero ibilbide desberdinak burutu ditugu bertan dauden monasterio ezagunenak bisitatuz (Alchi, Thiksey, Hemis, Shey…). Monje budisten erritual budistak gertutik jarraitu ditugu. Ikono budistez betetako monasterio hauetan, meditaziorako liburuak, monjeak otoitzean dauden bitartean eguzkiaren izpiak sartzen dira bertan dagoen intsentsuak sortzen duen keari protagonismo berezia emanez. Aldiz, Leh kapital zalapartatsuan, kolore, usain eta ibilgailuen hotsak denak batera nahastu egiten dira.
Nubrako eta Lamayuruko haran ikusgarriak ezagutu ditugu. Bere lurretan barneratzean paisaiak ezin konparatuzkoak dira, kontraste biziak, ibai emaritsuak eta elurtutako menditzarrak. Edozein lekutan isiltasunaz gozatzeko aukera dugu, denbora eten egiten baita. Bertako herrietako jendea oso abegitsua da eta ez harritu bere etxe apaletan tea hartzeko gonbitea jasotzea.
Barne bidaia eskenatoki paregabean.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa