BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino: "Ayestaepede" bidea, 120 metro, V-

2003ko irailean Xabi Ayestaran eta Miren Epelde kotxe istripu batean joan ziren. Asier eta biok Eginon irekitako eskalada bide hau beraiei eskeinia da.
"Ayestaepelde" bidearen nondik norakoak /

2003koiIrailaren lehena, astelehena, ordiziar askoren lehen lan eguna zen, oporren ondoren hainbeste kosta egiten den lehen egun hori. Nahiz eta eguna eguzkitsu hasi, zerua pixkanaka ilundu eta zurrumurru hotz batek herria izoztu zuen: "Xabi Ayestarn ta Miren Epeldek istripue izan due" zioen zurrumurruak. Orduak pasatzearekin batera zurrumurrua egi bihurtu eta biak kotxe istripuan hil zirela baieztatu zen. Herria hunkitu zen. Kaleak mutu gelditu eta herritarren begiradek burua non zuten argi adierazten zuten. Asteazkenean ospatu zen hileta elizkizuna jendetsua izan zen, eliza eta inguruko kaleetan ez zen inor sartzen, biak oso gazteak izanda, herri osoak ezagutzen baitzituen.

Hamabost urte beranduago, eskalatzera gindoazela Asier honen inguruan hizketan hasi zen: "egunen baten bide berri bat irekitzen badeu Xabi ta Mireni eskeini nahiko nieke" esan zidan serio-serio, "egin beharra deten gauza bat da".

Asierren amets honetatik "Ayestaepelde" bidea jaio da...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Asier Izagirre eta Smithy Mujika 2018ko ekainaren 2an.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL: V- (35 m), 2ºL: III+ (35 m) eta 3ºL: IV (45 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. XXXXX pitzadura (eskubanda moduan jarritako kateak daude) eta artez osatutako basoa atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu bidearen hasierako ezproira iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ipar-ekialdeko noranzkoan jarraituko dugu ahal dugun tarterik luzeena harkaitzen gainetik ibiliz (II zailtasuneko pasabide isolaturen bat). Koloxka eta Artzanegi mendien arteko ertzera hurbilduko gara "La Hoya"-ren horma ikaragarri eta ikusgarriaren gaineko Koloxka pitzadurara iritsiz. Pitzadura honetan burdinazko gurutze beltz bat topatuko dugu. Gurutzetik behera oso nabarmena ez den xendatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Eskalada bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 50 minutu inguru pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 35 metro, V-. Bidearen luzerik zailena. Ezproia zuzen eskalatzen hasiko gara horma bertikala eskalatuz (V-). Heldulekuak azpitik diruditena baino hobeak dira eta artaka-trabagailuren bat edo beste trabatzeko aukera dago. Sabaitxora iritsitakoan eskuinera joko dugu erlaitz txiki baten gainean kokatuz (V-). Hemendik gorako harkaitz-plaka eskalatzen jarraituko dugu (IV-IV+). Harkaitz-plakaren eskuineko harlauza nabarian friend bat trabatzeko aukera dago, baina harlauz hau ez dirudi oso sendoa denik. Ezproiaren gailurrera zuzen eskalatu beharrean ezkerretik eskalatuko dugu (III+). Behin ezproiaren gailurrean, ertza jarraitu (kontuz bustia badago) eta zatirik estuena pasa ondorengo harkaitzetako harkaitz-zubi batean bilgunea muntatuko dugu.

- Bigarren luzea, III+, 35 metro. Ertza amaiera arte jarraitu eta pareko horma etzana eskalatuko dugu. Sarrera tentea den arren (III+) helduleku onak ditu. Sarrerako pasabidea eskalatu ondoren zuzen eskalatzen jarraituko dugu. Harkaitz-plakaren heldulekuak oso onak dira eta auto-babeserako aukera handiak ditu. Horma eskalatuta arteen artean doan ertza amaiera arte jarraituko dugu. Ertza honetan harkaitz-bloke ezegonkor bat baino gehiago topatuko dugu. Ertzaren amaieran leize itsurako izugarrizko horma-hobira iritsiko gara. Bilgunea, ertzaren amaieran dagoen arte ederrean muntatuko dugu.

- Hirugarren luzea, IV, 45 metro. Bilgunetik atera eta pareko hormaren pitzadura inklinatua eskalatzen hasiko gara eskuin aldera zeharkaldia eginez (III+). Pitzadura honetan garbiketa lan handia egin genuen askeak zeuden harri eta sastrakak kenduz. Zeharkaldiarekin jarraituz zuhaixka batera iritsiko gara. Zuhaixkaren azpitik zeharkaldiarekin jarraitu (IV) eta honen eskuinetik gora doan harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu amaiera arte. Bilgunea harkaitz-plakaren gaineko harkaitzeko harkaitz-zubi handi batean muntatu daiteke. Luzearen amaieran mugarri bat eraikita utzi genuen.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa