BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino: "Ekaitzean elaia" bidea, 65 metro, V

Kotxetik gertu, hurbilketa erraza, zailtasun ertaina eta gainera erdi-ekipatutako bidea. Zer gehiago eskatu daiteke?
"Ekaitzean Elaia" bidearen kokalekua / Smithy

La Leze inguruko Berakaitz pitzadura eta "La fuente" eskalada sektorearen artean oso nabaria den hormatzarra dago. Bertan pixkanaka abentura kutsuko bide batzuk irekitzen ari dira. Hona hemen horietako bat.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 65 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Josema eta Iban Berrocoso eta Iker Perez, 2017ko otsaila-martxoan.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V (40 m). Lehenengo luzea paraboltez oso ondo ekipatua dagoen bitartean, bigarren luze osoan hiru parabolt besterik ez daude, beraz, auto-babeserako materiala beharko dugu.
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta "La fuente" sektorera zuzenduko gara gure ezkerrean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Pitzaduraren amaieran, basoan sartu aurretik, eskuinera gora doan malda igoko dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 25 metro, V. Luzea plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da horma bertikalarekin topo egin arte. Hemendik gora luze osoa V zailtasunaren baitan mugitzen da.

Horma bertikala kolokan diruditen harkaitz batzuk eskalatuz hasi eta bilgunetik oso nabaria den harlauza handira zuzenduko gara. Denbora osoan primerako heldulekuak topatuko ditugu eta luzea oso ondo babestua dago.

Harlauzaren gainera igo eta harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu (helduleku oso onak), zuhaixka baten ondoko erlaitz txiki batera arte. Hemendik gora, zailtasun guztiak amaituta, harkaitz-plaka txiki bat eskalatuko dugu bilgunera iritsiz. Bilgunea, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

Lehenengo luzearen eskuinean hildako zuhaitz handi eta nabaria dago. Bilgunetik oinez atera eta zuhaitz honetara zuzenduko gara. Zuhaitzera iritsi gabe eskuinera jo eta, oinez, zuzen joko dugu bigarren luzea hasten den harkaitz-plakara iritsiz. Bertan uztaidun parabolt bat eta harkaitz-zubi pare batek lotutako mailoi batez osatutako bilgunea topatuko dugu.

- Bigarren luzea, 40 metro, V. Bilgunetik zuzen metro pare bat eskalatzen hasi eta ezkerrera diagonalean joko dugu harkaitz-plaka bertikal batera zuzenduz. Harkaitz plaka eskuinetik eskalatzen hasi (artaka-trabagailuak trabatzeko aukera ona) eta parabolt batera iritsiko gara. Paraboltaren eskuinetik (harkaitz-plakaren ertzetik) zuzen jarraitu gainean dugun sabaitxo batera hurbilduz.

Sabaitxora iritsi gabe ezkerrera jo eta bilgunetik nabaria den arrail bertikala bavariar teknika erabiliz (friend-ak oso ondo sartzen dira) eskalatuko dugu garbiketa ederra egin duten erlaitzera iritsiz.

Erlaitzean zertxobait ezkerrera jo eta gainetik dugun harkaitz-plaka bertikala zuzen eskalatzen jarraituko dugu artaka-trabagailuak trabatzeko aukera oso ona duen arrail estua gure ezkerrean eta arte eder batzuk gure eskuinean ditugula (harkaitz-plaka honetan bi parabolt topatuko ditugu). Bilgunea kokatuta dagoen harkaitz-plaka ezkerretik eskalatu eta eskuinera zeharkaldi motz eta erraza eginez bilgunera iritsiko gara. Bilgunea uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Jaitsiera bidea rappelatuz egiten da.

Informazio, argazki eta azalpen gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa