BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Irurtzun, Aixita: "Ahuntzen bidea" bidea, 120 m, V

Aixita mendian Joseba Arlegik ireki eta erdi-ekipatutako hirugarren bidea, lehen luzea ekipatua izan arren, beste biak garbiak dituena. Hau ere inguruko klasiko bat izatera deitua dago.
Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian
Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian "Arteen artean" eta "Aixita" bideen kokalekua ere ikusi daiteke / Smithy

"Arteen artean" bidea eskalatu genuenean bide hau ere topatu genuen. Bitan pentsatu gabe bidea rappel eginez jaitsi, "Ahuntzen bidea" bidera zuzendu eta hau ere eskalatu genuen goizari amaiera borobila emanez. Bide honen eskaladarekin oraingoz Aixita mendiaren ekialdeko horman dauden hiru bideen ("Aixita", "Arteen artean" eta "Ahuntzen bidea") eskaladari amaiera eman genion, Biaizpen eskalatzen hasteko hastapeneko bideak izan daitezkenak.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Joseba Arlegi.
- Zailtasuna: V-/V. Luzez-luze: 1ºL: V-/V (30 m), 2ºL: IV+ (65 m), 3ºL: IV- (25 m). Bidearen lehen luzea erdi-ekipatua dago paraboltekin. Beste bi luzeetan ez dago ezer jarria.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko "V" handia izeneko lepo nabarira doan kanalera iritsi gabe, ezkerrera doan xenda jarraitu eta metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, "Aixita" bidearen oineko trikuharri itsurako harkaitz handiaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka 60-65 metro eskas jarraitu ondoren (tartean "Ahuntzen Artean" bidea ere pasako dugu) harritza txiki bat zeharkatu eta zuhaitz artean pasatu ondoren bidearen oinera iritsiko gara. Bidea hasten den harkaitz-plakan "AB" idatzita ikusiko dugu. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera berrogeita hamar minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren iradokizunari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik egitea da. SL-NA Ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarrenean ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Aixitaren gailurretik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. Bigarren aukera hartuz gero, 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, V-/V. Harkaitz-plaka etzana eskalatuz hasiko gara (II-III) eskuin aldeko joerarekin horma bertikalarekin topo egin arte. Horma honen eskalada ederra da, primerako heldulekuak ditu eta tartean babariar teknika erabiliz eskalatu beharko dugun tarte polita ere badago. Zatirik bertikalenean (V) dudazko harkaitz batzuk dauden arren, ongi eskalatzen da. Bilgunea hormaren amaieran dago uztaidun bi paraboltez osatua.

- Bigarren luzea, 65 metro, IV+. Bilgunetik atera eta metro batzuk gorago erdi muntatutako bilgunera (uztaidun parabolta) iritsiko gara. Bilgunetxo honen ezkerreko plakatik jarraitu beharrean zuzen gora kanal zabal antzekoa eskalatzen jarraitu zailtasuna bilatuz (tartean oinez, tartean II-III pasabideak eskalatuz). Kanaltxo honen erdian IV+ pasabide isolatua duen 3 metro inguruko hormatxoa dago. Bertako lizarraren laguntzarekin ongi eskalatzen da eta pasabide hau ekidin daiteke. Hormatxoa eskalatuta eskaladatxo eta oinezko tarteak tartekatuz bilgunea zuhaitz baten enborrean muntatuko dugu zuhaitzen amaieran dagoen aurretik harkaitz-plakaren oinean.

- Hirugarren luzea, 30 metro, III+. Zuhaitzetik atera eta harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraituko dugu (II-III) zailtasuna bilatuz eta eskuinerako joerarekin. 3 metro inguruko bi hormatxo nabari eskalatu ondoren (III+), zuzen eskalatzen jarraitu eta Aixitaren gailurrera iritsiko gara. Bilgunean bertako metalezko oroitarri handian muntatu. Luze honetako zailtasun guztiak ekidin daitezke gailurrera erdi-oinez iritsiz.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather