BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Gorbeia Pagomakurretik: Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorrak eskalatuz

Proposamen “gazi” bat Gorbeiako igoera gatzgabea dela esaten dutenentzat
Aldamin eta Gorbeia Lekandaren gailurretik
Aldamin eta Gorbeia Lekandaren gailurretik / Smithy

1.482 metroekin, Gorbeia, Araba eta Bizkaiako mendirik altuena da, bere gailurrak bi probintzien arteko mugak zeharkatzen baitu. Gailurrera iristeko zailtasun teknikorik ez duenez, arabar eta bizkaitar mendigoizaleek sarritan igotzen duten mendia da. Zailtasun zaleentzat "belarrezko aldapa bat igotzea besterik ez da" eta ez dute erakargarri ikusten.

Eta Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorrak egun berean eskalatuz Gorbeiara igotzen bagara? Hau da egiten dudan proposamen "gazia" mendi honen igoera gatzgabea dela esaten dutenentzat.

IBILBIDEA

Ibilbidea Pagomakurren (880 metro) hasiko dugu. Bertako pista jarraitu eta, malda gogor bat igo ondoren, zementuzko ubide baten ondoren, pista utzi eta zelaian gora hasiko gara haitzen arteko bi pasabide zeharkatu eta Lekandako ekialdeko gandorraren oinera iristeko.

Gandorra eskalatu ondoren (IIIko zailtasuneko pasabide isolatu batzuk), hego-mendebaldeko gandorretik jaitsi eta, Igelarantz pasabidea zeharkatu ondoren, Arrabako larretara jaitsiko gara Gorbeiara doan ohiko bidearekin bat eginez.

Aldamiñapera doan GR-282 bidearen bidegurutzeko argibide-postera iritsitakoan, bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara Aldamingo ipar hormatik ahalik eta gertuen mantenduz. Ipar hormaren oineko harritzak goiko ertzetik alderik alde zeharkatuz Aldamingo ekialdeko gandorraren oinera iritsiko gara. Hemendik gora gandorraren ertzetik ahalik eta gehien jarraitu beharko dugu IIIko eskaladatxo isolatuaren ondoren gailurrera iristeko.

Aldaminetik Aldamiñospe lepora jaitsi eta malda gogor baten ondoren Gorbeiara iritsiko gara.

Jaitsiera Pagomakurrera doan ohiko bidetik egingo dugu.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 15,2 kilometro.
- Punturik baxuena: Pagomakurre, 880 metro.
- Punturik altuena: Gorbeia, 1.482 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: Pagomakurren iturria dago.
- Zailtasuna: Gandorraren ertzetik joaten bagara gehinez IIIko zailtasuneko pasabide isolatuak topatuko ditugu. Dena den, pasabide eta zailtasun guztiak ekidin daitezke.
- Eramandako materiala: Ez genuen ezer eraman. Dena den, II/IIIko eskaladatxoak egiteko erraztasunik ez badago soka edo kordel bat eta express-zinta batzuk eraman daitezke pausu zailenak aseguratu ahal izateko. Nahiz eta harkaitza orokorrean trinkoa izan, kaskoa eramatea ere gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora:Lau ordu eta erdi pasatxo, atseden uneak ere zenbatuz.

Ibilbidea deskargatzeko eta argazki, krokis eta informazio gehiagorako:

- Lekandako ekialdeko gandorraren nondik norakoak hemen azalduta daude.

- Aldamingo ekialdeko gandorraren nondik norakoak hemen azalduta daude.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa