BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Txindoki, tarteko ezproia: "Ekutua" bidea, 130 m, IV+/V

Aspalditik uste nuen lerro bertikalez zeharkatutako Txindokiko mendebaldeko aurpegian bide berririk irekitzea ez zela posible. Hona hemen bertan irekitako azkenekoetako bat.
Tarteko ezproiaren kokalekua (karratuaren barruan). Puntu zuriz eta puntu urdinez bertara hurbiltzeko bideak
Tarteko ezproiaren kokalekua (karratuaren barruan). Puntu zuriz eta puntu urdinez bertara hurbiltzeko bideak /

"Ezkutua" bidea "Arrastrakulos" kanala eta "Plaka Gorriak" sektorearen arteko ezproi nabarmenean kokatzen da. Irekitzaileen esanetan, izenaren jatorria "ezkutua" hitzaren esanahi bikoitzarekin lotua dago: alde batetik bidea nolabait ezkutuan gelditzen da eta bestetik bigarren luzeko sabaiak ezkutu (gazteleraz "escudo") itsura dauka.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Pitu, Lertxun eta Auxkin 2017ko azaroan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (50 m), 2ºL: IV (20 m), 3ºL: IV (35 m) eta 4ºL: II (25 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean-goiz joanez gero ia eguerdira arte itzala izango dugu. Hala ere udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dezente murrizten da, batzuetan lehortzera iritsiz.
- Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero. Bertara hurbiltzeko azalpena hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: "Arrastakulos" kanaletik. Bustia badago kontuz ibili beharreko jaitsiera da, II zailtasun mailako irtengune pare bat jaisten direlako. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura ordubete pasatxo pasako dugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Camalot 3 eta 4a (edo 3a errepikatuta) eramatea ere gomendagarria izan daiteke. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 50 metro, IV+/V. Bidea ezproiaren eskuinaldean (azpitik begiratuta) hasten da, urak harkaitz-plaka inklinatu batean mendeetan higatutako kanal nabari batzuk ("kanalizoak") eskalatuz. "Kanalizoak" eskalatuta horma etzan eta harkaitz-zubi batean lehen asegurua jarriko dugu. Horma etzanean ezkerrera jarraituko dugu (II) bertan dagoen harkaitz zuridun arrail batera zuzenduz. Arrail hau babariar moduan eskalatu daiteke baina ez da beharrezkoa. Harkaitz plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (III) soka bat duen harkaitz zubi batera iritsiko gara. Bertan aseguratu eta metro batzuetan eskuin aldera diagonalean eskalatu ondoren, hormaren oinean dagoen arrail zabal edo harkaitz-zulo nabarmen batera iritsiko gara.

Luzearen zailtasunak hemendik gora hasten dira, horma tentetzen baita. Harkaitz zulotik gora doan harkaitz-plaka tentean metro pasatxo eskalatu eta, ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez, bertako arrail inklinatu nabarira iritsiko gara (IV).

Hurrengo metroak arrail inklinatu hau eskalatuz egingo ditugu, arraila asko zabaltzen den puntu batera arte (hemen ere harkaitz-zulo itsura hartzen du). Harkaitz-zuloaren gainetik lehen luzeko (eta bide osoko) pasabiderik gogorrena dator, harkaitz-plaka tente batean eskalatzen den 4-5 metro inguruko itsasgarritasunezko pasabide fina (IV+/V). Pasabide honen ondoren harkaitz-plakaren gaineko arrailera iritsi eta arraila jarraituz azken metro batzuk egingo ditugu belar eta harkaitz soltez estalitako erlaitz eroso batera iritsiz. Bilgunea bertan muntatuko dugu.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV. Bigunetik atera eta berehala irekitzaileek utzitako iltzera iritsiko gara. Bertatik express-zinta pasatu eta, goiko sabaira zuzenduz, iltzearen ezkerretik gora doan helduleku oneko arrail bertikala babariar moduan eskalatzen jarraituo dugu (IV), ezkutu itsurako sabaiaren azpian kokatuz. Sabai azpitik, eskuin-ezkerreko zeharkaldi horizontala egingo dugu sabaia ezkerretik eskalatuz.

Sabaiaren gainera iritsitakoan metro batzuetan eskuinera egin eta bi harkaitz-zubi handien laguntzarekin bilgunea erlaitz eroso batean sendo muntatuko dugu.

- Hirugarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunearen gainetik harkaitz-plaka inklinatu eta sendoa eskalatuko dugu (III) horma bertikal motz batekin topo egin arte. Hormatxoa ezkerretik eskalatu ondoren (III) metro batzuetan gora egin eta horma bitan banatzen duen tximiniaren ezkereko hormara zuzenduko gara. Horma hau azpitik dirudiena baino bertikalagoa da eta kontu handiz eskalatu behar da harkaitza ez baita oso fidagarria. Horma eskalatuta (IV) 3 metro inguruko diedrotxo bertikal bat eskalatu (IV) eta ezproiaren gandorrera iritsiko gara bertan bilgunea muntatuz.

- Laugarren luzea, 25 metro, II. Bilgunetik atera eta gandorraren amaiera arte jarraituko dugu (II zailtasuna) bertako harkaitzarekin kontu handia izanez.

"Ezkutua" orokorrean gustatu zitzaigun. Lehen bi luzeak ederrak iruditu zitzaizkigun, oso onak, pena hirugarren luzean harria hain txarra izatea. Ez dakit hirugarren luze hau beste nonbaitetik modu seguruago batean eskalatzerik izango den. Hala balitz, bidea Txindokiko klasiko bat izatera deitua dago inongo zalantzarik gabe. Zorionak eta eskerrik asko bidea ireki zuten Pitu, Lertxun eta Auxkini!!!!

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa